Politika Kultural Berri Baten premiaz

txokolo 1456153398663 txokolo | 2006-06-22 13:53
1

"No excuse"

(Politika kultural berri baten premiaz)

 

Aurtengo urtarrilaren 13an lehen aldiz eman zen argitara "No excuse", "Mikelazuloko zirkulu kontzentrikoak" dokumentala. Bertan elkartearen esperientzia jasotzen da eta esperientzia horren harira egindako gogoetak plazaratzen dira. Dokumentala nahi duenak eskuragarri du, baita interneten ere (BERRIA. info/ blog/Urtzi) eta ez gara horretaz errepikatuko. Egin dugun esperientzian oinarriturik azaldu nahi dugu gure herrian, Errenteria-Oreretan, ikusten dugun premia larri bat: politika kultural berri baten premia. Horren inguruko eztabaida lehentasun handikoa da, gure ustez. Artikulu honekin eztabaida hori piztu nahi dugu eta hemen azaltzen ditugu, gure ustez, eztabaida horren muina bizia diren hainbat elementu.

 

1.- Kultura aske, kritiko eta sortzailea nahi dugu. Etengabe erdoiltzen eta gastatzen dira pentsamenduak eta lehortzen sentsibilitateak. Arrisku horren pean ekintzak errutinan eta asperduran erortzen dira. Etengabe behar dugu geure bizitzak mehatxu horietatik askatu. Kultura, zerbait bada, sortzailea behar du izan. Eta horregatik egoerarekin kritiko eta ezarpenetatik aske. Ez da kultura, guretzako, buruko departamentu batean, liburutegi baten gisa, dugun informazio pilo ordenatua eskura daukaguna. Ez da kultura ideiarik eta asmo pertsonalik gabeko errutinaz egiten den ekintza multzo bat. Ez dugu kultura "denbora betetzeko" nahi, geure denbora sortzeko baizik. Ez dugu gure bizimoduaren barniza eta itxurakeria hutsa den kultura nahi, libreki eraikitzen dugun bizibidea eta egiten ditugun aukeren muinean dauden ideiak eta asmoak konpartizea baizik. Horregatik, orainean sortua, iraganarekin lotua bainan ez menpeko, eta geroa hipotekarik gabe eta ezarpenik gabe lantzen duen kultura nahi dugu. Sormenaren emaitza den kultura eta horregatik konplexurik gabe irekia eta besteengandik edateko egarriz, bainan ez kulturaren monopolioen bozgoragailu miserablea izateko. Eta gure herriko jendeak sorturiko bezain bat gure herria sortzen duen kultura nahi dugu.

 

2.- Ideiarik gabeko espektakuloaren politika. Politika kulturalean faltan botatzen dugun lehen gauza da ideiarik falta. Egiten diren gauzen zerrenda luzea da, bainan egiten den horren euskarria den ideiarik ez dugu ikusten inon. Guk ikusten duguna da erizpide kuantitatibo merkez gidatutako politika kulturala: zenbat jende egon den, zenbat ekitaldi edo ekintza egin diren, zer oiartzun mediatikoa lortu den, zer nolako eragina izan duen herriko negoziotan, zein etekin partikularra atera daitekeen.... Bestelako erizpiderik ezin da ez egitasmo elektoraletan, ez urtez-urteko aurrekontuetan, ez urtez-urteko balantzeetan aurkitu. Egitasmo kulturalen atzean zer ideiak dauden eztabaidatzeko premia ikusten dugu, zer ideiak diren gidatzen eta bizitasuna ematen diotenak diru publikoz elikatutako egitasmoei. "Kultura sustatu nahi dugu" esatea ez da aski... batez ere kultura hitzaren atzean osagarria eta pozoina, biak, uler daitezkeenean. Zer ideia, zer aukera linguisitiko, sozial, politiko, artistiko, ekonomiko, emozionala, ekologiko dauden udalaren politika kulturalean?

Ez da aski esatea jendearen desioak betetzen edota beharrak asetzen saiatzen dela, edota jendearen presentziak legitimatzen duela egiten dena. Jendearen desioak oso gauza zentzu anitzekoak dira, askotan menpeko bizimoldean eta libre bizitzearekiko beldurrean sustraitutako pentsamendu eta sentimenduek sorturikoak; eta beharrak guztiz superfluoak eta moda manipulatuez gidatuak edota miseria morala eta erantzunkizun-ezaz bultzatuak izan daitezke, ala ez. Bainan, beti ere, desioak eta beharrak esatearekin, eta kopurutan neurtzearekin, ez da ezer aurreratzen politika kultural bizigarri baten erizpideak zehazteko orduan. Bestalde zer bezain garrantzitsua da nola betetzen eta asetzen den, zer erantzuna ematen zaion desio eta behar horiei. Ez dugu desio eta behar (ekonomiko, sexual, intelektual, presitigozkoak, elitistak...) telegidatuak (Telebistatik eta Holiwood-tik, eta OTANetik eta Banku Mundialetik eta kazetari ondo ordaindu eta salduetatik... gidatuak eta inposatuak) nahi. Gure artean, gure bizimoduarekiko erantzunkizunez, sorturiko eta esperimentatutako desio berriak landu nahi ditugu eta lagunekin desio berriak esperimentatu eta sortu.

Politika kulturala sustatu nahi danean, eta horretarako aurrekontuaren hainbat diru erabiltzen denean, lehen-lehenik jakin behar dena da zer politika kulturala sustatu nahi den, zein den erabaki hori gidatzen duen ideia eta zergatik aukeratu den ideia hori. Kulturaren sormenaren irizpidea, herriaren espiritu kritiko eta askearen garapena, harremanen kalitatearen etengabeko hobekuntza....ez dira erizpideak. Aldiz, ideietan oinarritzen den kultura sortzaileari, asmo berritzaileei trabak jartzen zaizkio, abandonuan utziz.

 

                3.- Kulturaren komertzializazioa eta manipulazio politiko-elektorala eta dibertsioaren instituzionalizazioa. Kultura aske, kritiko eta sortzailearen garapenean aurkitzen dugun trabarik sakonenak kulturaren komertzializazioa eta manipulazio politiko-elektorala dira. Dirua eta boterea bihurtzen direnean kulturgintzaren motibazioa, kalamitatean erortzen ari gara. Dirua bai, boterea ere bai... sormenaren zerbitzuan. Zinea badugu herrian.... noren eskutan uzten dugu zer eta nolako zine ikusi? Bainan bazen herrian "Kaligari" izeneko talde motibatua eta saiatua... Zergatik utzi dugu abandonuan horrelako talde interesgarria? Aukerak daude hemen jokoan, aukera larriak: dibertsioa enpresa pribatuen interesen eskutan utzi edota dibertsioaren instituzionalizazioa? Ez al dago beste aukerarik? Mikelazulok uste du baietz, eta Mikelazuloren esperientzia bera da horren froga. Bainan ez froga bakarra. Kultura arloan ez dugu ezer bizirik eta animosorik aurkituko, barnean bultzagile motibazio sakon kultural irekia eta kritikoa ez duenik. Sormenaren motibazioa falta denean, ez bazkidetzak, ez klienteak, ez propagandak, ez diruak ezin du hutsune hori bete. Udalaren politika kulturala ezin dio eztabaida honi muzin egin duinatasunaren edota morroikeria kulturalaren arteko borrokaren erdian gaudenean. Eta alde batera zein bestera jotzen badu, publiko egin behar ditu bere aukeraren arrazoiak. Eta aukerarik egiten ez badu, zer da hau? Korronteari jarraituz, kultur arloan Udalak negozioaren edota manipulazio-kontrolaren uretan murgildua? Eta azalpenik eman gabe? Eztabaida sakona behar dugu honetaz ere.

 

                4.-  Kultur elkarte eta pertsona sortzaileen protagonismoa. Eta instituzioen lekua.

Iraultza kopernikanoa egin beharra dago puntu nagusi honetan. Ez herriko zinegotziak, ezta kultura arloan egiten duten lanatik bizi diren teknikari kudeatzaileak, ez dira, besterik gabe, ez botoz ez dekretuz, kultur-egileak. Udala eta teknikaria, ofizioz, ez dira kultur-sortzaileak, salbu eta bere arlo propioan, sortzaile bezala jokatzen badute --politikan artista bat izan daiteke; kudeaketa lanean sortzaile izan daiteke--. Bere lan propioan sormenezko lana egiten badute, ulertuko dute ere Udalak berdintasunaren bila dirua banatu behar duela eta kudeatzailea laguntzeko dagoela... Bainan sortzailea, pertsona edo elkartea, da egiten duenaren protagonista. Eta ez da batere garbia emandako diru laguntzak "protagonismo" monetarekin kobratzea. Udalak kultur sormenari laguntzak ematen badizkio bere obligazioa betetzen ari da. Prestigioa irabaziko du bere eginkizun politiko propioan sormenez eta artelan bat eginez badihardu. Eta ez da egokia besteren bizkarrean, are gutxiago laguntza miserableak ematen direnean, besteren bizkarrean norberaren merezi gabeko ospea eraikitzea.

 

5.- Instituzioen  aurrekontu kulturalak....

 

** Aurrekontuak aldez aurretik ateratako kontuak dira eta, baita ere, pre-suposatuari esleitzen zaion diru kopurua. Zer da, dibidez, kultura arloko aurrekontuak egiten direnean pre-suposatzen dena? Lehenik suposatzen da bizitza-kostuaren igoera zenbatekoa izan den, eta horren arabera, aurreko urtean egindako aurrekontuari egoera hori gehi, eta baduzu hurrengo urterako aurrekontua. Zer esan nahi du horrek? Kultura arloan ez dagoela behar kultural larrien diagnostikorik, ez dagoela premiazko neurriak hartu beharrik, ez dagoela hazten eta osatzen eta edertzen dagoen bizitza kulturalerako asmorik. Hitz batez, errutina dela nagusi?

 

**Aurrekontu kulturalen elaborazioa, jarraipena eta kontrola, pertsona eta elkarte kultur sortzaileen parte hartzerik gabekoa da, eta horrela izanik, transparentziarik gabekoa. Kasu gehienetan, parte hartze bakarra, subentzioa eskatzea eta erabakiaren zain eta erabaki ondoren diru-ematea noiz izango den zain gelditzea izaten da.

Bainan badago zer egin, zer ireki eta zer hobetu. Zer nolako azpiegitura dugun eta nola erabiltzen den? Kulturarako esleitutako aurrekontuaren zenbatekoa egokia al da eta zergatik? Diru-banaketa zein erizpideren arabera egiten da? Aparailu administratibo-kulturala egokia al da, zer nolako fruituak ematen ditu, kulturaren funtzionario eta teknikariekin gastatzen dena, kultur aurrekontu osoaren portzentaia hain handia dena, egokia al da? Burokraziak eramaten al du sortzaileek beharko luketen laguntza? Aurrekontuko diru horiekin zer herri klase ari gara sortzen? Zer balantze egiten da? Garbi al daude eragileen asmoak? Eta asmoak garbi edukita ere, egiten denak, balio osasuntsuen izenean eginda ere, pizten al du parte hartzen duen eta ikusten/jarraitzen duen jendearengan etsipenaren aurkako atidotoak, kotsumitzaile hutsa izatetik sortzaile izatera pasatzeko gogoa.

Azkenik, parte hartze duin bat proposatzen bada, herriko egitasmo kultural orokorraren ideia nagusiak dira eztabaidatu beharrekoak, eta ahal delarik, adostu beharrekoak.

 

**Aurrekontuekin bukatzeko, beste gogoeta bat. Aurrekontuak duen egiturak berak izkutuan edo estalian uzten ditu garrantzi handiko hainbat gai:

Hizkuntzen tratamendua, kultur aniztasuna eta horrek ekar dezakeen kultur aberastasuna: demagun aurrekontuko partida guztiak kontutan harturik euskarari dedikaturiko aurrekontua %10era iristen dela. Gainontzeko guztia, %90 ez al da gaztelera sustatzeko erabiltzen? Badago hemen zer eztabaidatu.

Aurrekontuetan ez da ikusten gure herriko desberdintasun sozialen neurria. Bainan gure herriko baztertuenek (jubilatuak, ezinduak, etorkinak...) aukera berdina dute kultur-sormenean eta kulturaren disfrutean parte hartzeko? Kultur aurrekontuek desberdintasun soziala gutxitzeko erabili daitezke? Nola? Aiton-amonek egindakoa eta aiton-amonentzat egindako kultura, adibidez, azterketa serio behar du. Ez al da gertatzen zaharrentzat egiten den kulturan islatzen dela zaharren baliogutxiespen zital bat eta haientzat egiten den kultura "entretenimendu" etsitua bezala egiten dela? Edo aiton-amonek egindako eta sortutako kultura, hastapenetik, gizartearen erronka nagusitik bazterturiko "ornikuntza exotiko" bezala hartua dagoela? Galdeikurrak sortzen digun egoera bat baizik ez da, bainan eztabaida eskatzen diguna.

Kontuak ematea eta egindakoaren balantze kulturala egitea ez da gauza berdina. Bainan aurrekontuak (egindakoa eta egitekoa azaltzen dira hor) ez dira sartzen egindakoaren balorazio kulturaletan. Horrela, suposatzen da, egina dagoela, bainan egina dagoena da balantze kuantitatibo-ekonomikoa. Balantze kualitatibo hori gabe, ezin da neurtu zein punturaino ari garen aurrekontuetan despilfarroa bedeinkatzen eta zein punturaino egon daitekeen korrupzioa-klientelismoa-utzikeria eta erantzunkizun eza. Aurrekontuak ez bada, beste nonbaiten eman beharko litzaioke lekua gogoeta kultura hauei, balantzezko gogoeta hauei.

 

                6.- Diagnostiko kulturalaren beharra.

 

                Lurralde honetan, 40.000 pertsona inguru bizi gara, bi hizkuntza komunitate jerarkizatuak, hizkuntza askotako hiztunak, egitura politiko-administratibo bakarra eta nagusiki gazteleraduna. Eta hor, kultur arloan izateko modu desberdinen artean lehia bizia. Alde batetik, ahalegin bizi, sortzaile batzuk, askatasun kulturalaren esperimentuak, irekidura mentala, pentsamendu/sentimendu mugatu, ezindu eta diruz/legez/indarrez ezarritako hesi estuetatik libre bizitzearen, sortzaile izatearen eta sortzearen esperientziak gauzatu nahi dituena... Eta bestetik, sormenaren defuntzioa eragiten duten hainbat egitura zurrun, pisitsu, energia-motibazio-diru irensleak, erabaki, ezarpen, exijentzi, errutina, manipulazio, traba- jartze, akomodazio lotsagarriak.

 

Gure herriko jendearen egoera kulturalaren azterketa egiteak mereziko du. Diagnostiko kuantitatibo eta kualitatiboa. Zein da eta nolakoa da "eskeintzen" zaigun egitura eta esperientzia "kulturala"? Nola sustatzen da herritarren artean sortzaile izateko gogoa? Zenbat alditan erortzen gara  edota kultur ekintzek bultzatzen gaituzte errutina, ihesa, asperdura, fribolitate eta angustiaren atzaparretara? Zenbat droga zital irensten dugu aisialdirako aitzakian? Hizkuntza komunitateen arteko harremanak berdintasunezkoak dira ala boterearen hizkuntza praktikoaren alde desorekatuak daude? Zer nolako begirunea dugu hainbat etorkinen hizkuntzekiko eta kulturekiko? Ez al da gure herrian eginkizun kultural handienetakoa (handiena ez bada) euskararen bizitasuna lortzea eta eginkizun hori ez al dago instituzioen aldetik baliogutxitua?     

Herrian jasotzen dugun eskeintza kulturala zer neurrian pribatua da eta zein ezaugarriak ditu, eta zer neurrian publikoa, eta zer ezaugarriak ditu? Eskola izanik instituzio kultural nagusienetako bat, sortzaileak sortzen al dira eskoletan edota asperduraren nibelak larriak al dira? Kultur-egiturak kontsumismoaren erizpidearen arabera antolatuak al daude? Ezagutzen dugun telebista-eredua oso larria da: esku sekretu batzuek produzitzen dute gero guk denok kontsumitu baizik egiten ez duguna. Eredu horrek zer eragina du gure programazio kulturalean? Tele-emanaldien (edo kultur.....) kontsumitzaileak gara, bainan  zergatik ez tele-emanaldien (edo kultur....) sortzaileak? Zine kontsumitzaileak edo zine egile esperimentalak?

Kulturaren antolakuntza politiko-administratiboa ahalegin bizi eta sortzaileen babeslea al da, edota horien aurrean trabak jartzen ditu eta itotzen uzteko gai da?

Sortzen eta eskeintzen den kulturak, bizitzaren harremanetan txertatuak dauden pozoinak ezagutzeko, aztertzeko eta sentsibilitate berri biziak eta ederragoak esperimentatzeko bidea eta gogoa ematen al du?        

Gure bailararen, probintziaren, nazioaren lurraldeen artean harreman kulturalak lantzen dira? Nola? Eta egiten diren ahaleginak ezagutzen al ditugu? Elkarteek, herritik kanpo, Euskal Herrian barruan eta Nazioartean, duten harreman-dinamikak laguntza jasotzen du? Ez al da batzutan elkarteen dinamika hori Udalaren "anaikidetasunak" dutena bainan biziagoa? Edo, dena den, ez al dago zer eta non eztabaidatu gure herriko nazioartekotasun kulturala?

Uste dugu diagnostiko kultural kualitatiboa behar dugula. Aipatu ditugu hainbat puntu. Gogoeta guk geuk hasi besterik ez dugu egin, eskertuko genduke honi buruzko eritziak eta honen inguruko urratsak. Bainan ez gabiltza azalezko gauzetaz ari. Teknikariak, diruak, egiturak.... ideia baten inguruan mogitzen dira. Eta gure erronka hauxe da: ekimen kulturala izan dadila pertsona, elkarte, herri sortzailea osatzen lagungarri, beldurrik gabe eta lagunkidetzan bizitzeko erronkari aurre egiteko bihotza eta burua lantzen saiatzen dena. Bizitasun horren itogarri diren korazak detektatu horiek deusezten saiatzeko. Bizitzeko gogoaren adierazpena den kemena eta atsegina ez dadila etsipena eta beldurra bihurtu. Non ditugun faltsukeria kulturalaren fokoak, nolakoak diran bizitzeko gogoa pozoindu eta izutzen dituzten mekanismoak, eta batez ere askatasunez jolas sortzaileen esperientzia bizitzeko gune bizigarriak ezagutu, elkarrekin harremanetan jarri, eta herri osoarentzat bizimolde garbiago eta ederragoa landu.

 

Ion Ansa

Ion Ansa 2006-06-22 19:31 #1

<p>Apa Txokolo! </p>

<p>Hi haiz hi, ez haiz geldik egotekoa! Bartzelonatik bueltatu eta ttak! </p>

<p>Interesgarria duk oso hik planteatutakoa, eta nik uste kultur alorrean gabiltzanok badiagula potentzialtasun ikaragarria. Geure buruengan sinistu behar... Polita litzake eztabaida zabala egitea, aberasgarria benetan, uste baitiat jende dexente zegokela ekarpen onak egin ditzakeena, eta eman eta hartzeko asko duena. Lasaiago aritzeko kontuak dituk baina. </p>

<p>Ongi izan! </p>

<p>&nbsp;</p>

<p>&nbsp;</p>

<p>&nbsp;</p>


Utzi iruzkina: