Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/01/23 10:56:30.200 GMT+1

53 saialdi hizkuntza gutxiagotuen estatusa argitzeko

Frantziako Parlamentuan azken mende-erdian egindako saialdi kopurua omen. Eta orain zer? 54.a? Zer lortzeko? Onenean ere euskara frantsesaren menpeko izatera kondenatuko duen sasi-status bat? Edota beste ezezko borobil bat? Enegarren mesprezua euskaldunontzat?

Gure hizkuntzak ez dauka zertan beste baten menpeko izan. Gure bizitza euskaraz burutzeko, euskararentzat status egokia behar-beharrezkoa dugu. Euskara ofiziala, berezkoa, lehentasunezkoa eta ezagutu beharreko gisa azalduko duen statusa. Hori da bidea, gainontzean ezin izango da berreuskalduntze prozesurako beharrezko hizkuntza politikarik garatu.

Horren adibide gorena EEP dugu. Bertako presidente Brisson bera ere eztabaida posibleari "beha" omen dago, Frantziako Gobernuak agindutakoaren aurrean men egin besterik ez duela onartuz lasai antzean. Zer kristo da beraz EEP? Zertarako behar dugu euskaldunok EEP gisako erakunde bat? Dirulaguntzak kudeatzeko? Frantziak agindutakoa betetzera kondenatua dagoen erakunde batek salbaziora eramango ote du euskara?

Frantziako zein Espainiako Gobernuari begira egoteke, eraiki dezagun euskarak behar duen statusa lortzeko dinamika Euskal Herri osoan zehar, horretarako beharrezko aldaketa administratibo-juridikoak exijituz. Gaur egungo ukazioa gainditzeko, gure hizkuntza eta herriaren subirautzaren alde egin dezagun bada.

Berriako artikulua irakurgai.

Nork: unai larreategi.2008/01/23 10:56:30.200 GMT+1
Etiketak: status euskara ofizialtasuna eep | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/12/20 18:14:39.529 GMT+1

Espetxe zigorra eskubideak aldarrikatzearren?

Eskubideak aldarrikatzea garesti irtetzen zaigu euskaldunoi... baina espetxe zigor eta bestelako errepresioekin aldarrikapen horiek mugatu nahi dituzten arren kostako zaie beraien helburua lortzea.

Atzoko epaiketa horren adibide bat besterik ez da. Gatazka bete-betean bizi garela adierazten diguten gertakari handiak dauden honetan, horrelako ekintza txikiekin ere asko egin daiteke gaur egungo egoera gainditzeko.

Justizia Administrazioa euskaldundu!!

Nork: unai.2007/12/20 18:14:39.529 GMT+1
Etiketak: eskubideak euskara hizkuntza justizia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/12/20 18:08:57.871 GMT+1

Eta orain zer?

Eta orain zer?

Galdera horixe eginaz bukatu zuen orain dela bizpahiru urte Luis Maria Bandres EAJ-ko kideak iritzi artikulu bat. Bertan, traduttore traditore hitz jokoa baliatuz, epaitegietan, itzultzailerik gabe, euskaldunok epaiketa euskara hutsez burutu ahal izan beharko genukeela aipatzen zuen. Herriko berezko hizkuntzan ez diharduen justizia-sistema justua ez dela ere iradokitzen zuen idazki horretan. Idatzi honetan, istorio bat ere kontatzen du, gerra zibila hasi aurrexeagoan gertatua itxuraz, non euskaraz baizik ez zekien herritar bat epaitu zuten espainolez. Zinpekoek ere ez omen zekiten taxuz espainolez, eta herritarra aske uzteari “sí” esan beharrean, akusazio eskaerari erantzun zioten baiezkoarekin. Gertaera horren ondoren irakurketa aurki dezakegu artikuluaren bukaeran:

“Eta guzti hau zergatik gertatu zen? Epaiketan herriaren hizkuntza, hots, Patxik eta zinpekoek ezagutzen, erabiltzen eta hitz egiten zuten bertako hizkuntza, euskara, erabili ez zelako; hobeto esan, justizia saileko juezak, fiskalak eta gainontzekoek, euskara ez zekitenez, gai ez zirelako Euskadin justizia egiteko. Hau orain dela mende erdi bat baino pixka bat gehiago gertatutakoa da, eta orain zer?”

Ba orain ere euskaldunontzat ez dago justiziarik geure herrian. Horixe da euskaldunok egunerokoan gure herrian bizi duguna, justizia falta, norbere herrian arrotz bizi behar izatea. Aspaldi honetan gainera, eguneroko zigor horrekin nahikoa ez itxuraz, eta zigor gehitu bat ezarri nahi digute. Epaiketetan itzultzailerik gabe testifikatu nahi duena, edota epaiketa euskaraz burutzeko eskatu eta eskaerari horri muzin egin zaiola ikustean euskaldunon eskubideak epai-gelan aldarrikatu eta defendatzeagatik kartzela zigorrera kondenatzen hasi dira epaileak. Horrela gernikar bat sei hilabetetako kartzela zigorrera kondenatu zuten orain urtebete, eta datorren abenduaren 19an berriz, 12 herritar epaituko gaituzte Bilboko auzitegi probintzialean epai-gelan Euskal Herrian Euskaraz abestu eta ondorioz epaiketaren jardun “normala” oztopatu izana leporatuz. Bakoitzari 5na hilabetetako kartzela zigorra eskatzen digu epaileak.

Horixe da gaur eguneko errealitatea. Gerra zibilean eta frankismoan gordina zena, baina estatutu eta konstituzioak inondik inora aldatu ez duten errealitatea. Eta errealitateak gordina izaten jarraituko du, herri gisa dagozkigun eskubideen jabe ez garen bitartean. Euskal Herri euskalduna eraiki ahal izateko, euskarak menpeko hizkuntza izateari utzi behar dio ezinbestean, orduan bakarrik izango dugulako euskal herritarrok Euskal Herria berreuskalduntzeko beharrezkoak diren lege eta politikak abian jartzeko eskumena. Euskarak autodeterminazioa ezinbestekoa du. Hizkuntza eta kultura txikientzat mundua bera kaiola den garai hauetan, euskarak hegan egiteko espazioa behar du, espainiar zein frantziar legedi eta politikek ukatzen dioten askatasun espazioa.

Gainontzean euskaraz biziko den Euskal Herria lortzea ezinezkoa izango zaigu, adibide garbiena 25 urte eta gero, euskararen legeak utzi digun errealitatea bera izan daiteke. Espainol elebakarrei “pixka bat es mucho” esanaz dihardugu 25 urte eta gero. Ze aurreratu dugu bada urte guzti hauetan? Jakin daiteke zeintzuk diren “pixka bat es mucho” izeneko hizkuntza politikarekin lortu nahi diren helburuak? Ekimen sinpatikoak beharrezkoak dira, baina euskarak politika antipatikoak behar ditu ezinbestean. Gordina dirudien arren horrelaxe da, euskaraz ez dakitenei begirako politika antipatikoak soilik ekarriko duelako euskaldunok egunen batean euskaraz bizi ahal izatea geure lurrean. Gainontzean euskaraz ez dakitenentzat, euskaldunak bufoi eta euskara kontu exotiko besterik ez gara izango aurrerantzean ere.

Zorionez euskaldun asko gara oraindik euskara bere lurrean aske ikusteko lanari lotuak. Abenduaren 19an Bilbon epaitzen gaituzten bitartean, Madrilen 18/98an inputatutako lagunak epaia entzuten ariko dira. Hori da euskaldunon egunerokoa, batzutan pixka bat zigortzen zaituzte, eta beste batzutan asko. Urte asko daramatzagu era bateko edota besteko zapalkuntzak jasaten, baina gure hizkuntzak, gure herriak aurrera egin dezan, pixka bat zein asko ematen jarraitzeko prest gaude oraindik, bai horixe!!

Besarkada eta muxu handi bana Mendi, Olatz eta gainontzekoei, zuekin ikasitakoa baliatuz  jarraituko dugu aurrerantzean ere bide eginez.

Nik erantzun diot galderari, baina berriro irekita uzten dut inork heldu nahi badio.  Eta orain zer?

Nork: unai.2007/12/20 18:08:57.871 GMT+1
Etiketak: euskara bandres traditore traduttore justizia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/11/25 22:17:29.117 GMT+1

Baztarrika eta bere esanak

Azkenaldian HPS-ko arduradunen ahotik, euskararen inguruan batean eta bestean entzun eta ikusitakoen inguruan bi hitz...

Hutsuneak ba omen dira Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikan, baina hutsune horien erabilpen maltzurra egiten omen dute batzuk, eta hori ez omen da zilegia. Baina, egia esateari zergatik deitzen zaio “erabilpen maltzurra”? Egoera desdramatizatzeko beharra omen dago, baina egoera dramatikoa baldin bada, zergatik ezkutatu behar dugu berau? Zer dago benetan zuen jardunaren atzean: EAE berreuskalduntzeko taktika, edota gaur egungo erdal inposizioa mantentzeko estrategia?

Honako galderak ere entzun ditugu, “ari al gara erkidegoan herri erakundeak, gizartea, neurriak hartzen euskararen erabilera gero eta handiago eta zabalagoa izan dadin?”. Erantzuna argia da: noski baietz!!. Baina ondoko galdera erantzun gabe gelditzen da: Noizko lortuko da gaur egungo hizkuntza politikarekin, zuek aldarrikatzen duzuen jendarte elebidun orekatu hori? (Jendarte elebidun orekatua= %100ak euskara eta gaztelania jakitea esan nahi du, ezta?).

Eta ondoko perlak ere entzun dira, "Zenbaitek egin ohi duen moduan euskara beti liskarrarekin, albiste negatiboekin, gorabeherekin lotzen badugu, ez diogu batere mesederik egiten. Hobe dugu erakargarritasunarekin, baliagarritasunarekin, gozamenarekin eta elkarbizitzarekin lotzea". Beti bezala euskaldunak ernegatuta egunerokoarekin eta erdaldunak gustura euskaldunak ze jatorrak diren esanaz. Gauza bat da erdaldunengana ze diskurtso helarazi behar den, eta bestea euskaldunoi euskaraz bizitzea nola bermatzen zaigun!! Euskaldunok bizi dugun egoeran, zer egin behar dugu ba? Egunerokoaren sumiso bihurtu ala? Ba, ez da pentsatu ere!  Eta horretarako albiste negatiboak kaleratu, liskarrak sortu eta kartzela zigorrak jasan behar baditugu ere tinko eutsiko diogu. Patxi, jakingo duzu EAEko epaitegietan euskaldunak kartzela zigorrak jasotzen hasi direla, hizkuntza eskubideen aldarrikapena egitearren, ezta? Hurrengo epaiketan epaileari euskaltegirako matrikula orria eman beharrean, gerturatu eta muxu handi bat emango diot zure partez, ados?

Bukatzeko esan, politika sinpatikoa egin behar dela, baina politika antipatikoa ere derrigorrezkoa izango dela euskararen egoera minorizatua gainditzeko. Gaurko egoera aldatu nahi badugu, eta euskaraz biziko den herria eraiki, neurri, ekimen ugari egiten jarraitu beharko dugu, baina euskarak gaur egun bizi duen menpeko status-a gainditu behar du ezinbestez. Horretarako bidea, Euskal Herriaren eta euskararen autodeterminazioa lortzean kokatu behar dugularik. Noski, baldin eta Euskal Herri euskalduna baldin bada helburu.

Nork: unai larreategi.2007/11/25 22:17:29.117 GMT+1
Etiketak: hps elkarlana orekatua baztarrika elebitasuna | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/11/24 17:10:44.713 GMT+1

Nazio Eztabaida mamitsua

Barañainen burutu da gaur goizean aurtengo Nazio Eztabaida. Izan behar lukeenetik urruti bada ere, bide onean dela iruditzen zait. Urteko plan egokia onartu delakoan nago, eta are garrantzitsuago, aurrera begirakoan tresna honek eduki beharko lukeen garrantziaz ikusiriko konbentzimendua nabari zer bertaratuen artean.
Beti egongo da ondoko diskusioa: hura etorri da, beste hura ez... baina horri begiratzeari utzi eta euskal herrian eta nazio eraikuntzan sinisten dugunon artean ekin behar diogu sinismenez gure egitekoari.
Gaur goizekoa honela ageri da Berrian eta Garan.

Nork: unai larreategi.2007/11/24 17:10:44.713 GMT+1
Etiketak: eztabaida eraikuntza nazio barañain | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/11/23 23:52:11.343 GMT+1

Bihar Nazio Eztabaida Barañainen

Jardunaldi interesgarria benetan gaur Euskara Elkarteen Topaguneak antolatuta bizi izan duguna. Bertan esanak hemen jaso, irakurri, eztabaidatu ahalgo dira, baina hausnarketa dezente jarri dira mahai gainean gaurkoan. Emango digu bai zer pentsa gaur entzundako zenbait kontuk. Aztertuko ditugu poliki-poliki.

Eta bihar berriz, Nazio Eztabaida Barañainen. Artikulu bat idatzi dugu, eta gaurko Berrian azaldu da, beraz luzapenetan ibili gabe, bertan partehartzearen zergatiak jakin nahi dituenak artikulu hori irakurri besterik ez dauka.

Kontatuko ditugu bertan entzun eta eztabaidatuak,

Amets on,

Nork: unai larreategi.2007/11/23 23:52:11.343 GMT+1
Etiketak: eztabaida nazio e2ibilean | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/10/05 10:51:36.799 GMT+2

Euskalduna izateagatik zigor bikoitza!

11 urtetako borrokaren ostean, badirudi Gabiren epaiketa bukatzear dela. 11 urte, hamaika borroka egin dira epaiketa hau dela eta.

Atzo bertan "visto para sentencia" gelditu zen kasua, honela jaso dute kontua Berrian eta Garan (españolez).



Nork: unai.2007/10/05 10:51:36.799 GMT+2
Etiketak: euskaraz basañez ehe justizia gabi | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/06/19 15:30:39.503 GMT+2

Euskararen semaforoa gorri beste 4 urtez?

Urteetako lan eta borrokaz eraikitako egoerari atarramentua ateratzeko garaia iritsi da, eta kapitalismo globalizatzaileak gure hizkuntza, kultura... irentsi aurretik behar dugu egin hori

Horixe ondoriozta dezakegu Kontseiluak hauteskunde aurretik egindako udal programen azterketa eta hauteskundeen emaitzak alderatuz gero. Udal programa egokiak kolore berdez identifikatu ziren, baina batzuek ez dute indar gehiegirik batu hauteskundeetan eta beste batzuen ilegalizazioaren ondorioz (eta zenbait alderdiren jarrerak medio) eragiteko ahalmenean gutxiagotuta aurkituko dira. Ondorioz, gorriz zein laranjaz identifikatutako programa eta politikak irten dira indartsuak hauteskunde hauetatik. Orain arte bakoitzak egunerokoan defendatzen edo gauzatzen duen politiken jarraipena besterik ez dugu ikusi. Alderdi espainolek euskarari ateak ixten dizkiete udaletan, noski. Alderdi abertzale gehienek, aldiz, hizkuntza politikaren eremuan arduragabekeria handia erakusten jarraitzen dute, elebitasunaren eta hizkuntzen arteko elkar bizitzaren gezurraren aitzakiapean. Argi ikusten da euskararen berreskurapena modu serio eta antolatuan bultzatzeari ematen dioten lehentasun eza. Tristea da gehienetan ezker abertzalea soilik kokatzea hizkuntza politika egokiarekin. Programek argi erakusten dute nork kolpatzen duen euskara, nork ez duen egungo mendekotasuna gainditzeko asmo garbirik eta nork erakusten duen konpromiso sendoagoa.

Oro har, euskararen sustapenerako ez-nahikoak diren programak izango ditugu, beraz, datozen lau urteetan udaletan. Eta horren aurrean zer? Begira gelditu? Ez, noski. Ezin dugu onartu euskara beste lau urtez udaletatik kanpo egotea edo, gehienez ere, minimoen azpiko politikak egitea. Hautetsiei eta alderdi politikoei ikustarazi behar diegu udaletxean euskararen normalizazioaren alde asko dagoela egiteko eta beren erantzukizuna dela egokiak diren neurri eta erabakiak hartzea. Presio soziala eragin behar dugu euskarak behar dituen benetako neurriak har daitezen.

Euskara ofiziala eta lehentasunezkoa izendatu behar da udalez udal. Izendapen hau ez da ezeren berme, ados, baina ondoren egingo den politika definitzeko garrantzitsua da euskarak behar duen gutxieneko estatus hori onartu eta konpromiso hori adieraztea.

Estatus horri lotuta, hizkuntza politika eraginkorrak jarri behar dira abian udaletan. Ekintza zehatzetan, antolakuntza, pertsona zein ekonomi baliabideetan oinarritutakoa. Hizkuntza politikaren helburu nagusiena euskararen normalkuntza bururaino eramatea izango da, eta horretarako ezinbestekoa izango da euskaldunon hizkuntza eskubideak maila guztietan bermatu ahal izatea.

Politika hauek garatzeko, berriz, arau babesa behar da udalerriz udalerri, udal ordenantza hain zuzen ere. Hamaika eztabaida badira honen inguruan, beharrezkotasunari lotutakoak, espainiar zein frantziar mende- kotasunari lotutakoak... guretzat eztabaida guzti horietan bada nahiko arrazoi ordenantzei bai esateko. Udalerriz udalerri hizkuntza arauak erabaki eta gauzatzeko plangintzak ezinbestekoak dira.

Neurri horiek hartuz gero hizkuntza eskubideen bermerako norabide egokian jarriko ginateke lanean. Baina ezin gara zona guztietan eskubideen bermea helburu dugula gelditu. Zona euskaldunetan euskaraz bizitzea ahalbideratu beharra daukagu, hizkuntza eskubideak bermatzetik pauso bat aurrerago hain zuzen. Tresna egokia daukagu horretarako, UEMA hain zuzen.

Zona euskaldunen aldeko borroka berraktibatzeak garrantzi berezia izango du aurrerantzean. Horregatik, UEMAko kide izateko erabakia hartzeko eskatzen diegu Euskal Herrian Euskaraz-etik bertan sartzeko baldintzak betetzen dituzten udaletan sortuko diren udalbatza berriei. Alderdi guztiek apustuarekiko konpromisoa adierazi eta lehenbailehen urrats hori eman behar dute, horretarako aukerak handiak direlako. Urrats hori ez ematea onartezina dela deritzogu.

Neurri hauek guztiak hartzea ezinbestekoa da euskararen normalizazioan aurrera urratsak emateko, baina udalean zein bestelako funtzio publiko zein pribatuetan euskarak behar duen ibilbidea garatzeko, ezinbestekoa da euskarak Euskal Herrian daukan estatusa iraultzea. Herritar guztiek euskara ezagutzeko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea bermatua ez duten bitartean nekez eman ahalko ditu pauso kualitatiboak euskararen normalizazio prozesuak.

Gaur egun ordea euskal herritarrok ez daukagu horrelako estatus aldaketa aurrera eramateko eskumenik. Euskararen galbidearekin bukatzeko, autodeterminazio linguistikoa eskuratu beharra daukagu ezinbestean. Antzaren gisa hegan egin nahi izan arren, hegoak lotuta baitauzkagu aspaldian.

Hegoak lotzen dizkigun soka usteltzen hasia dago, ordea, eta guztiok batera ekiten badiogu lortuko dugu soka hori behin betiko apurtzea. Horretarako ordea autodeterminazioaren alde gaudenok, elkarlanerako konpromiso zintzo eta sendoa hartu beharra daukagu. Gure artean mokoka gabiltzan bitartean gustura da zaindaria, baina usteldurik aurkitzen den lokarria berri batengatik aldatzeko aukerarik ezin diogu eman.

Urteetako lan eta borrokaz eraikitako egoerari atarramentua ateratzeko garaia iritsi delakoan nago, eta kapitalismo globalizatzaileak gure hizkuntza, kultura... irentsi aurretik behar dugu gainera egin hori. Irenste horren epemuga guk pentsatzen duguna baino gertuago egon baitaiteke.

Hala ere, ilusioa behar dugu horretarako. Ilusioa udalez udal euskarak behar dituen neurriak hartzea exijitzeko, ilusioa euskal herri euskalduna lortzeko dugun eskubidearen jabe egiteko.

Antzara semaforoa berde jartzeko zain dago hegaldia hasteko. Apurtu ditzagun beraz gure herria lotzen duten soka usteldu horiek guztiak. Bada garaia!

Nork: unai larreategi.2007/06/19 15:30:39.503 GMT+2
Etiketak: euskara udalak ehe autodeterminazioa kontseilua | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/04/13 10:51:09.397 GMT+2

IV. Hizkuntza Eskubideen Eguna

Aurten ere EHE-k Hizkuntza Eskubideen Eguna burutuko dugu Maiatzaren 6an. Baina hortaz gain, bezperan manifestazio bat ere egingo da aurtengoan. Azken honetan Atarrabia eta Burlatatik egun hau  hiri hauetan ospatzeko jasotako ezetza salatu nahiko dugularik.
Atzo aurkeztu genuen Iruñean aurtengo Hizkuntza Eskubideen Eguna. Honela jaso du Berriak.
Lotsagarria benetan Atarrabia eta Burlatako agintariek emaniko ezezkoak, udal-hauteskundeak aitzaki gisa ipinita. Ea orain abian jarritako ekimenekin lortzen dugun beraien erabakiaz damutzea.
Animatu eta parte hartu deialdietan!!

Nork: unai.2007/04/13 10:51:09.397 GMT+2
Etiketak: euskara eskubide eguna | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/02/23 17:08:12.654 GMT+1

Utikan sasi irtenbideak!!

Euskararen normalizaziorako proposamen “politizatu gabea” aurkeztu berri digu PSE-EEko Isabel Celaak. Hizkuntza ereduen inguruan datozen asteetan egongo den eztabaidari aurre hartuz, bere ustez egokiena den proposamena.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Legebiltzarrak ondokoa onartu zuen PSE-EEren aldeko bozkaz: «Hezkuntzako maila guztietan bi hizkuntzetan hizkuntz gaitasunak bermatuko dituen eredu berri bat aztertu behar du, eta lehenbailehen indarrean jarri». Baina bere proposamen berriak ez dio eskolak euskalduntzeko dituen gabeziei inondik inora erantzuten. Hezkuntza sistemaren lehentasuna ingelesaren gaitasun eraginkorra lortzea omen da, nahiz eta horretarako gizarte elebidunak zailtasun gehiago omen dituen. Hain hitz gutxitan hainbeste astakeri ez nuen aspaldian irakurri.

Elebitasun orekatua bermatuko duen proposamena omen da berau. Baina non bizi zara Isabel? Nolatan esan dezakezu, euskarak bizi duen egoera diglosikotik ateratzeko zuen proposamenak balioko duela? Ikasle finak irten zaizkizu ezta Baztarrika? Ikusten al duzu elebitasun orekatuaren diskurtsoak zeri ematen dion bide?

Ikusiko dugu Hezkuntza Sailak ze proposamen jarriko duen eztabaidagai legebiltzarrean. Aldaketarako aukerak egon badaude, baina borondatea eta adostasunaren izenean ez dirudi beharrezko den aldaketarik emango denik. Eta horrelakorik ezin dugu onartu, ezin dugu onartu azken 25 urteetako dinamikari jarraipena emango dion proposamenik. Egiten den edozein aldaketak, ezinbestean ikasle guztien euskalduntzea bermatu behar du. Ikasleen hizkuntza eskubideak aintzat hartu eta errespetatu egin behar dira. Eta ezin dira ikasleen hizkuntza eskubideen bermea guraso eta ikastetxeen aukeren baitan eta azpitik geratu.

Une honetan, alderdi abertzaleek ere aukera dute benetan euskalduntzearen alde dauden agertzeko. Eztabaida horretatik irteten den hezkuntza ereduak argi adieraziko baitigu hori. Orain artean aurpegi euskaltzalea erakutsi nahi izan dutenek, orain dute aukera hori ekintzen bidez erakusteko: euskaldunduko duen eskola bultzatuz eta hori bermatzeko beharrezkoak diren bitarteko guztiak jarriz. Iruzur berririk ez!!!

Nork: unai.2007/02/23 17:08:12.654 GMT+1
Etiketak: utikan eskolak euskaldundu iruzurra eredu | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)