Krisiatik crash-era igaro da munduko ekonomia, ekonomia globala. Ia ez gara oroitzen lehen porrotez (Fredi Mac eta Fanni Mae), susmoak, zurrumurruak eta, azkenik, porrotak gero eta abiadura handiagoan jakiten genituen-eta. Lizardi poetak liokeenez, Bakan-bakanka, leenen ...
Sarri-sarri, gero. Diagnosiari buruz ados daude aditu gehienak: arrisku biziko Aktiboekingo espekulazioak bankuen balantzeak usteldu ditu eta, ondorioz, bankuen artean konfiantza-ezak dirua, likidezia, desagertarazi du. Horretara etorri dira estatuen esku-harteak: alde batetik, jendearen konfiantzari eusteko, gordailuak bermatuz eta, bestetik, arriskuko (honezkero, arriskuko baino gehiago baliogabeko) aktiboak erosteko eta, ondorioz, merkatu finantziarioen fidagarritasuna berreskuratzeko. Krisiaren jatorria, bistan da, Estatu Batuetan dago. Hedatu, baina, mundu osora hedatu da. Eta amaitu, noiz eta nola amaituko den ez da erraz antzematen. Ondorio batzuk, ordea, aurreikusi daitezke: - Errazena: dirua burtsan zuen jendea (akziotan, bonotan, funtsetan, eta abar) pobreago da gaur eta, txarrena, pobreago dateke zurrunbilo hau amaitzean. - Mingarriena: krisia iritsi da kontsumora (beldurra bidelagun) eta, ondorioz, ekonomiaren alor guztiak hasi dira edo laster hasiko dira lan-eskasia sufritzen eta langileak kaleratzen. Automobil-industria hasi da, ondorioz makina-erreminta ere bai; etxetresnen sektorearena gehiago dago lotuta Espainiako merkatuaren berezitasun batekin: etxegintzaren burbuila puztua lehertzearekin, alegia. - Iraunkorrena: krisialdi honek mundu-mailako ekonomiaren banaketari eragingo dio, aurrekoek eragin zioten bezala: sektore osoak aldatuko dira zonalde batetik bestera eta faktore desberdinen (energiaren, diruaren, lehengaien edo eskulanaren) prezio erlatiboen aldaketek herrialde batzuen garrantzia indartuko du edota apalduko. - Estatu Batuen nagusitzak izugarrizko kolpea hartu du. Munduko indar militarrik handiena izanda ere, Estatu Batuen ekonomia ahuldu egin da eta munduko gainerako ekonomien mendekoago bihurtu da. Horrela, atzerriko diru-funtsak (dirua ugari duten petrodolareen funtsak edota funts txinatarrak) etorri dira ekonomia amerikarra salbatzera edo, bestela esanda, erostera. Guzti honen ondorioz, gaur egun pentsa daiteke dolar estatubatuarrari ez zaiola asko gelditzen merkatu globaleko ordainketa-diru izaten jarraitzeko. - Azkenik, gehiegitan irakurri den tentelkeria bat: kapitalismo liberalaren amaieraren aurrean gaudela. Lehenik eta behin, egunotan iragartzen ari diren interbentzioak unean-unekoak dira, koiunturalak, eta ez egiturazkoak. Inork ez du uste Estatu Batuetako gobernuaren esku jarraituko dutenik banku eta finantza-erakunde horiek krisialdia amaitu eta gero. Bigarrenik, kapitalismo liberala, anarkokapitalismoa ezik, bateragarri delako estatuaren esku-hartzearekin, ez bakarrik Europan (eredu sozialdemokratikoa, baina baita Frantziako gaullista, adibidez), baita Estatu Batuetan ere (F. Rooswelt-en New Deal, adibidez) Argi dago, nolanahi ere, datozen urteotako ekonomia zainduagoa, arautuagoa izango dela, interes-tasak altuagoak izango direla eta dirua garestiagoa izango dela; lanik eza areagotu egingo dela eta kontsumoa gutxituko. Garai ilunak datozkigu! Berri ona korbata eta ezpain-kolore saltzaileentzako. Hurrengo batean azalduko dizuet zergatik.
Euskara askatasuneandokumentua aurkeztu berri du Patxi Lopez, euskal sozialisten idazkari nagusi eta lehendakaritarako hautagaiak. Aurkezpena Donostian izan da, urriaren 2an, euskalgintzako hainbat aurpegi ezagunen aurrean, eta, bestalde, hedabideek leku handia eskaini diote beren orrialde eta emanaldietan. Bi jarrera nabarmendu dira Euskal Herrian sozialisten eta haien buruzagiaren ekimenaren aurrean: batzuk, euskararekiko sozialistek izan duten jarrera urrundu eta uzkurra, baita ezkorra ere, inoiz, gogoratuz, urrats berri eta berritzaile bezala txalotu dute; ildo honetakoak izan dira, nagusiki, euskalgintzako erakunde eta elkarteetako ordezkarien hitzak: Kontseilua, Euskaltzaindia, Jakin eta abar. Beste batzuk, ordea, hauteskunde-aurreko itxurakeria somatu diote ekimenari; alderdi abertzaleek, besteak beste, sozialisten praktiko eta oraingo hitz goxoen arteko jauzia azpimarratu dute Patxi Lopezen eta haren alderdikideen sinisgarritasuna ukatzeko. Nire aburuz, ekimenaren elektoralismoa ukatu gabe (nola ukatu, gainera, hain nabarmena dena) sozialistek urrats hau eman izana egoki baloratu behar da: Patxi Lopezen aholkulariek, azkenean, euskarari buruzko mintzaira, diskurtso berri baten beharra ikusi dute, Euskal Herrian nagusi, hegemoniko izan nahi duen alderdiak euskararekiko erabat arrotz eta urrun gelditu ezin duen konstatazioa. Eta hori euskal munduaren garaipen bat dela iruditzen zait, euskararen pisuaren ondorio eta euskaltzaletasunaren indarraren erakusgarri.. Hori guzti hori, noski, dokumentua bera aztert aurretik. Dokumentuak baditu, nire ustez, zenbait koska eta zenbait kezka. Alderdi sozialista ez da gauza izan bere anima erdalzalea gainditzeko, bada oraindik, aukeratutako hitzetan, erabilitako esamolde batzuetan, halako beldur bat urrunegi joateko. Proposatutako puntu batzuk zearo arrazoizkoak dira: euskalgintzarentzako diru-izendapenak ez gutxitzeko konpromisoa, edota Euskal Telebista aldatzekoa. Hala ere, euskalgintzarentzako "izozte" hori lasaigarri gertatu izanak erakusten du zein susmagarri ziren (eta diren oraindik) sozialistak euskara kontuetan. Begira, bestela, zer nolako laguntzak ematen dituzten euskararentzako Barakaldo, Sestao edota Santurtziko udalek. ETBrena, berdin: euskarazko katea eskandalo bat dela argi dago (adibidez, albistegietako lerro informatiboa (?) jasanezina da), baina Lopezek ez digu argitu zer aldatu nahi duen ETBn. Kate elebiduna egingo du? Beste proposamen batzuk erabat anbiguoak dita. Zer esan nahi du, bestela "enplegu publikorako sarbideak euskal
gizartearen izaera anitz eta elebiduna islatu behar duela"? Nire ustez, gizartearen izaera elebiduna islatzeak enplegatu publikoak elebidunak izan beharra ekarriko luke. Beldur naiz, hala ere, Lopezek funtzio publikoan euskaldunak eta erdaldunak sartu behar dutela esan nahi izatea. Hnezkera euskaldunak gutxiengo izango ez balira bezala administrazioan! Beste perla bat irakaskuntzarena da: Zer arraio esan nahi du "euskaraz ez dakiten horiek uxatzeke edo eta
nahitaez ikastera behartu gabe"? Irakaskuntzan euskara ikastea ez dela derrigorrezko izango? Euskara eskola-orduetatik kanpo eta era boluntarioan ikasi ahal izango dela? Esaldi honek laburbiltzen du, nire ustez, ongien, Patxi Lopezen pentsamoldea euskararekiko: "Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza mintzatzen dira, komuna
horietako bat bakarrik den arren. Biak ere hartu behar dira erakunde
publikoek babestu eta sustatu beharreko ondare sozial eta kultural gisa." Eta gero: "Erakunde publikoek hizkuntza-arloan bultzatu beharreko ekintzak ez du
bakar-bakarrik euskal gizartearen zati baten irizpideetan oinarritu
behar..." Eta, noski, "oinarri identitario edo historizistarik gabe"! Bukatzeko, Patxi Lopezek eta euskal sozialistek urrats bat eman dute euskarara hurbiltzeko. Txalotzekoa da, itxurak egiteko baino egin ez balute erem beti izango delako euskararen mesedetan. Baina ematen duten euskal hizkuntza-politikaren irudiak karikaturizazio maila altuegia du. Horren erakusgarri da, izan ere, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak bultzatuta Euskararen Aholku Batzordeko talde batek aurrera daraman "XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak" izeneko eztabaida. Horren Oinarrizko Txostena irakurtzea nahikoa da ikusteko esaldi solteak eta "doinua" gora behera, badirela ukupen-puntuak, posible dela elkarrizketa eta eztabaida eta euskararen alorrean ongi etorriak direla herritar eta sektore guztiak. Orain, guztion artean, nor nere sentsibilitatetik, politikak adostea falta da. Itxaropenerako motiborik badago.
Ushuaia Argentinako Patagonian dago, Anktartikatik hurbil, Atlantikoa eta Ozeano Barea lotzen dituen ubidearen ertzean. Basamortu hotz eta urrun hartan bada euskal jatorriko maisu eta idazle bat: Emilio Urruty. Emilio Urrutik mezu hau idatzi eta jarriarazi du bere etxeko etarian: "URRUTI HEMEN DA" Izan ere, guretzat izan daitekeen urrutiena, bertan da. Emilio, inoiz euskaldunen batek, Ushuaiako kale haizetsuetan barrena, zure etxe aitzinean gertatu eta idazkun hiorri begiratzen badio, noraino iritsi den jakiteaz gain, beste euskaldun bat aurkitu duela ikusiko du. Atea jo eta sar dadila eskatzen dio Emiliok. Etxe hura euskal lurra baita. Agur, Emilio Urruty, euskotar hulbila!
In Ushuaia, Argentine Republic, lives Emilio Urruty, a basque origin teatcher and writer. He has wrote on his house's gate "Urruti hemen da", Here is far and Urruty is here. Whenever some basque person goes in Ushuaia, it vill knows that there is another basque there, a litle of basque soil.
Oporrak amaitu ziren, baina blogintzari ekiteko alperkeriak jota nengoen. Erosoa da bizitza igarotzen ikustea, ibaiaren joanari begira bezala. Baina murgildu beharra dago.
Astero idaztea, hemengo eta hango, etxeko eta auzoko gaiak jorratzea, iritzia xalo eta ahalik eta landuen eta argien azaltzen saiatzea: horra hor asmoak.
Beste batzuk ere bai: elkarrizketarako prest egotea, iritzi osagarri eta are kontrajarriei lekua egitea, matazetatik haria ekartzea. Ahots bakarra ez baita ezer besteren oihartzun gabe, ahots ere ez baita belarri adirik gabe.
Politikaz jardutea aspergarri dateke. Bitxikeriatan aritzea, antzu. Sentimenak azaltzea, lotsagabe. Ez dut, ba, mintzagai -idazgai- jakinik: egunak ekarriko du eguneangoa.
Mende berriko hizkuntza politikak nolakoa behar duen adosten lagunduko digu gogoetarako topagune honek. Erronka berriek parte hartzeari eta adostasunari begirako dinamika berriak eskatzen baitituzte. Asmo horrekin, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak gogoeta ireki bat proposatzen die euskal gizarteko pertsona eta sektore guztiei.
Gogoeta ahalik eta zabalena izango da aztergaiei dagokienez, eta ahalik eta irekiena parte hartzaileei dagokienez. Izan ere, gure gizartea anitza da baita hizkuntzei dagokienez ere. Horregatik guztiagatik, euskararen munduak ez ezik erdal munduak ere lekua izango du ekimen honetan.
Ekimenaren abiapuntua Oinarrizko Txostena deiturikoa da. Txosten hori euskal kulturako eta gizarteko pertsona kualifikatuek egin dute, eta euskararen egoerari buruzko gogoeta sakona eskaintzen du, ekimenari oinarri sendo bat eskaintzearren.
"Soldadu txinarrei monje budista jantziak banatzen" da argazki honen izenburua. Guk, Iñaki Anasagastiren blogaren bidez ezagutu dugu. Horrela zoien Anasagastik atzo: "Argazkiak erakusten du Tibeta iristean soldadu txinarrei nola banatzen zaizkien monje budista tibetar jantziak, horiekin desgisatu eta istiluak sortu ditzaten. Herritarrak baketsu agertzen badira kalean, nola zuritu errepresio gogorragoa munduaren aurrean? Erraza da: indarkeriazko ekintzak sortuz, grabatuz eta munduaren aurrean erakutsiz..." Honaino Anasagastiren mezua.
Harritu egin gintuen, egia esango badugu, argazkiaren jatorriak. Anasagastik argazkia "komunikazio-agentzia britaniarrak 2008ko martxoaren 20an hartu zuela" dio.Badirudi, espioitza-lanaren emaitza gisa agertu dela argazkia, "Sigint" izeneko iturriarena, alegia.
Hain argazki esanguratsua hilabetean argitaratu gabe egon izana ulergaitza gertatzen zitzaigun, bestalde, irudiaren izaera eta istorioaren interesa kontutan. Hala bada, Youtubera jo dugu.
Aurkitu duguna, zuetariko askok bezala, informazioaren borrokaren gudu berri bat izan da. Aski ezaguna eta onartua da gure artean, gaur eguneko gatazkak iritzi publikoaren baitan irabazi eta galtzen direla. Informazioa bada arma eta hedabideak baldin badira borroka horretako gudarosteak, IKTak, eta bereziki blogak, gerrilak dira.
Txinako Gobernuaren amarrua erakusten zuen bideoa ikusi genuen lehendabizi. Gero, Txinarren erantzunak: hau, beste hau edota hirugarren hau, adibidez.
Zein den gure iritzia? Ez dugu argazkiaren egiaz ala gezurraz erabakitzeko adinako informaziorik, baina Txinako Gobernuaren baliabide teknologikoez eta desinformazio-ahalmenaz jabetu gara, baita Tibeteko herriaren ahuleziaz ere.
Borroka desorekatu horretan, gure asmoak eta gure elkartasuna tibetarrentzat dira. Eta baita Txinako herriarentzat eta askatasunzale guztientzat.
Londreseko hirian, Spitalfields izeneko auzoan, arkeologia-lanetan ari ziren 1999an. Erdi Aroko ospitale eta hilerri bat ari ziren aztertzen.
Ustekabean, baina, askoz ere aurkikuntza garrantzitsuagoa egin zuten: erromatar garaiko hilobia.
Kare-harrizko kutxa handiaren barruan berunezko zerraldoa eta, haren barruan, giza-hezurdura eta zenbait hondar agertu ziren.
Jakina denez, Julius Caesar bera saiatu zen aurrenik Ingalaterra bereganatzen, Kristo aurretiko 50. urtean, baina Augustus inperadoreak menderatu zuen, azkenik, lehen mendean.
Horretaz, erromatarrek 300 urtetan agindu zuten Gaur egun, gutxi gora behera, Ingalaterra den horretan.
Londinum hiria zuten hiriburu, gaurko Londres, eta bertan kokatu ziren erromatar administrazoaren erakunde nagusiak. Ez da, beraz, harritzekoa hiri horretan aztarmak aurkitu izana.
Spitalfields-eko aurkikuntzak, baina, txundituta utzi zituen arkeologoak. Emakume gazte batenak ziren hezurrak: luze etzanda, esker besoa bular gainean zuen eta buru azpian erramu-ostozko burukoaren hondakinak zituen. Hilobiaren tankera pertsona aberats edota familia onekoa erakusten zuen: berunezko zerraldoa fin-fin landua, Txinako setazko jantziaren hondarrak, Siriako urrezko hariaren arrastoak, arbeltxezko kutxaxoa zein kristal finez egindako bonbiltxoa. Itxura guztien arabera, Kristo ondorengo laugarren mendekoa zen hilobia, 375 urtekoa, gutxi gora behera.
Gorpuzkinak aztertzerakoan izan ziren, halabaina, ezustekorik handienak. Hezurrek emakumezko gazte bat zela adierazi zuten, hogei bat urtekoa, eta, oxigeno-isotopoen analisiaren arabera, ez Ingalaterran jaio eta bizitakoa, Mediterranear klimako leku beroagoan baizik. Analisi genetikoek, berriz, gaur egungo euskaldunen tankerako ADNa antzeman zuten.
Londreseko printzesa deitu zioten hedabideek eta baita Spitalfields-eko dama gaztea.
Gehiago oraindik: Londreseko Museoko teknikariek printzesaren aurpegia itxuratzea lortu zuten, buru-hezurra oinarri harturik. Hemen duzu orain mila seiehun urte baino gehiago Londresen hilobiratutako euskal printzesaren aurpegia.
Nola iritsi ote zen Ingalaterrara Euskal Herriko hegoaldetik?
Euskaldun presentziaren arrastorik bazen, lehendik ere, Britannia-n: Sydenham izeneko herri baten Traianus inperadorearen garaiko harri idatzi baten Cohors II Hispanorum Vasconum aipatzen da, hots, Hispaniako baskoiek osatutako talde militarra. Talde beraren arrastoak, bestalde, Budapest-en, Mauritania Tingitana-n (Marruekosetan), Alcalá del Río-n (Sevillan) y Nîmes-en (Galia Narbonense) ere agertu dira. Varduli (giputzak-edo) eta Aquitanorum (Akitaniarrak) ere agertzen dira han hemenka.
Bigarren mendean (K.o. 105. eta 122. urteetan) Cohors Secundae Vasconorum civium Romanorum, hots, erromatar hiritar euskaldunen bigarren kohortea ere Ingalaterran egona zela badakigu. Cohors Primae Fida Vardullorum civium Romanorum equitata milliaria izenekoa, berriz, giputz fidelez osatutako zaldun-taldea zen eta Ingalaterrako iparrldean, Hadrianoren Hesia babesten lehen mendetik 3. menderaino ibili zen. Cohors Primae Aquitanorum (Akitaniarrak) ere agertzen dira han hemenka.
Euskal gudagizonek, horretaz, Erromatar Inperioan barrena beren karrera militarra egiten zutela adierazten digute aipamen horiek.
Spitalfields-eko dama, agian, euskal buruzagi erromatartu baten alaba ala emaztea izan zitekeen, Iberus hibaiaren lurralde beroetan jaio eta hazi ondoren Londinum-eko lanbro artean hogeitsu urterekin hila.
Siat terra levis. Lurra arin gerta bezaio.
Informazio gehiago: http://www.britannia.com/history/londonhistory/spitbod.html
Recent excavation of a Roman
cemetery lying to the south of the medieval
priory graveyard has revealed a huge limestone
sarcophagus, dubbed a "most sensational
find" by its discoverers. From the
receptacle's size and rarity, the occupant has
been identified as a Roman Londoner of particular
wealth and eminence: perhaps even a member of the
Governing family.
The stone sarcophagus, with a
sealed lead coffin inside, was buried in the early fourth century. It
was uncovered a few weeks ago in a Roman cemetery at Spitalfields
Market near the City of London.
Chinese authorities massacres tibetan people. More than a hundred dies in a week of protests in Lhasa and others tibetan cities, even in neighboroug regions, historically part of the Tibet.
Dalai Lama claims for peace and menaces resign if protests goes not pacefully.
Ezagunak dira joan den mendeetako euskaldunen itsas-abenturak, Atlantikoan zehar eta haratago. Noiz arrantzale edo merkatari, noiz itsaslapur, Hegoaldeko zein Iparraldeko euskaldunek sonatxoa lortu zuten XV-XVIII. mendeetan beren ausardia, trebezia eta bipiltasunari esker.
Ipar-Atlantikoa izan zuten gure arbasoek, bereziki, beren azioen eta balentrien zelai zabal eta mugagabe. Spitzberg uharteetatik Ternua eta Labradorreraino, Islandiatik eta Kanariasetaraino. Arrantzaleku guztietan eta portu ugaritan entzun izan dira mendeetan zehar euskal azentu desberdinak eta guzti horietan sartu izan dira euskaldunak beste herrietako itsasgizonekin nahiz herritarrekin harremanetan.
Harremanok zein hizkuntzatan izango ziren ez dugu jakiterik gehienetan. Bada, baina, Islandiako lurretan XVII. mendean bertako elizgizon batek bildutako euskara-islandiera hiztegi bat (hiru, hobe esan) eta, hiztegion hondarrean, euskal esaldi omen diren batzuk. Horiexek adierazten digute ondoen zein hizkera erabiltzen zuten arrantzale haiek lehorreko bizilagunekiko harremanetan.
Hiztegiak, esan bezala, hiru dira, eskuz idatzita, eta DEEN irakasleak argitaratu zituen, Amsterdam-en, 1937an, “Glossaria Duo Vasco-Islándica” izenburuarekin eta, guztira, 648 hitz eta esaldi biltzen dituzte. Hitzok, antza denez, ahoz, galdetuz eta erantzunak transkribituz, jaso zituen apaiz jakinminak, eta inoiz gauzak keinu bidez seinalatuz.
Euskal hitzek, gehienetan, Lapurdiko euskarazkoak dirudite, baina badira gipuzkerazkoak eta goi-nafarrerazkoak ere. Bizkaierazkorik, berriz, apenas.
Bitxienak, esan bezala, esaldiak dira. Esaldietan aurki daiteke hizkera nahastu baten aztarna, ingelesezko, gaztelaniazko eta euskarazko elementuak dituena. Ikusi, adibidez, honako hauek (islandierazko ordainak ez ditut transkribituko, ezer gutxi argituko bailigukete guri):
Ser trabala for juZer egiten duzu?
Bocata for mi attoraGarbitu nire alkandora
For ju mala gissunaGizon gaiztoa zara zu
Sumbatt galsardia forZenbat galtzerdigatik?
Hamar bÿ galsardiaHamabi galtzerdi (paregatik)
Trucka cammisolaErosi jaka
Cavinit trucka for miEz dut ezer erosten
Ser ju presenta for miZer emango didazu?
For mi presenta for ju biskusa eta sagarduna
Emango dizut bizkotxoa eta sagardoa
Presenta for mi berrua usnia eta berria bura
Eman niri esne beroa eta gurin berria
Christ Maria presenta for mi balia, for mi, presenta for ju bustana
Kristok eta Mariak balea ematen badidate, emango dizut buztana
Fenicha for juIzorra hadi!
Ikusten duzuenez, bitxia da joskera, bitxia morfologia eta bitxia lexikoa, hiztegietako gainerako hitzak ez bezala. Dena den, testigantza bakarra dugunez, gehiegi esatea litzateke Islandiako partean XVII. mendean pidgin modu bat erabiltzen zela.
Ez dira honetan amaitzen euskadunek Islandian ibilitako urteetako berriak. Aurreko batean kontatu nizuen Martin Bilafranka donostiarrak eta haren lagunek 1615ean Islandian izan zuten heriotza latza. Gehiago ere izangodira.
Basque fishermen and traders, sailing from booth spanish and french sides of the Pyrinean border, arrives to Iceland in the earlier XVIII century and interact with english and nordic ones in a pidgin lenguage.
Arrasateko zinegotzi-ohi sozialista bat erail du ETAk, Isaias Carrasco, etxetik ateratzerakoan, alabarekin, lanera zihoala. Proportzioa eta errealitatea ahazteko arriskua dugu, hainbeste urteko sarraski gero eta zentzugabeago honen zurrunbiloan. Zer egin bide du Isaias Carrasco langileak heriotza merezi izateko? Zein zen haren errua? Sozialista izatea. Inoiz zinegotzi izana!
Zergatik Isaias? Zer egin du Isaiasek beste zinegotzi-ohi sozialistek egin ez dutena? Ezer ez, ziur aski. Isaias erail dute erraza zelako, bizkarzainik eduki ez eta haren joan-etorriak norbaitek zaindu eta txibateatu dituelako.
Niri, lazgarriena iruditzen zaidana itua, biktima, ausaz hautatze hori da: "norbait hil beharra zegok; noren datuak zeudek prest ekintzarako?; Arrasateko zinegotzi izandako batenak; tira ba, horixe."
Eta Isaiasi tokatu zaio. Hori latzagoa da niretzat, gordinagoa, larriagoa ez bada ere, beste guztiok etsaitzat hartzea baino, beste guztiok hiltzeko ahalbidea baino. Inoren heriotza hauteskunde-kanpaina egiteko erabiltzea eta nor hori ausaz aukeratzea. Horra hor gure izenean hiltzen dutenen bihotz gabea, ankerra. Horra hor terrorismo horren absurdoa.
ETA terrorists kills in Arrasate a worker, former local council member.
Zubiartea naiz. Nire bloga da hau. Nire iritziak bilduko ditu, baina zureak ere onrtzeko prest nago.
Iritziez gain, gertakariak, jakingarriak eta are bitxikeriak ere bilduko ditut.
Gizonezkoa naiz, euskalduna eta abertzalea. Baita Athletic-zalea, kantuzalea eta historiazalea ere. Ez, ordea, dogmazalea eta utopiazalea.