Gasteizko legebiltzarrean izan nintzen ortziralean, Ibarretxeren mintzaldi luzea –luzeegia- entzuten. Kontsultarena izan zen mediatikoki oihartzun gehien lortu zuena, eta ez da harritzekoa! Hautsak harrotu ditu han-hemen. Ñabardurak ñabardura, baina, ausarta iruditu zitzaidan Ibarretxe. Zehaztasun handiz aritu zen. Apustua serioa dela utzi zuen agerian. Hain serioa, Madrilen berehala oldartu zaizkiola.
Ikaragarria iruditu zait erantzuna. Eta tamalgarriena da etxe barruan ere hasi zaizkiola gisako erantzunekin. Ikusteke dago zein bide hartuko duen honek guztiak, eta Ibarretxeren aurka zein neurri hartuko dituzten Madrilgo agintariek eta epaileek.
Ba ni kontsultaren alde aterako naiz. Irmoki, gainera. Gizarte honek, behingoagatik, bere iritzia emateko bideak behar ditu, etorkizuna irudikatzeko aukera izan behar du. Eta bide hau Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrei ireki dien agintari bat dagoenez, ez naiz ni inor hori zapuzteko. Herritarrek erabakiko dute zein bide hartu. Ez naiz ni horiek isilaraziko dituena.
Horregatik ez dut ulertzen Batasunaren eta EHAKren erantzuna. “Edo zazpiek, edo inork ez” leloa egin dute. Ustela da hori. Eta nahasgarria. Uda osoa eman dute “Laurak bat” aldarrikatzen, autonomiaren alde, eta orain, zazpi herrialdeetan aldi berean kontsulta egin behar dela diote. Galdetu al digute nafarroi zein etorkizun nahi dugun? Ez al zegoen dagoeneko argi esparru bakoitzak bere erritmoak eta erabakigunea zuela? Hori bera onartu zuten Anoetako adierazpenean. Baina hitzak haizeak eramaten ditu, nonbait!
Zazpi herrialdeetan kontsulta batera egin behar dela eskatzea, kontsulta bera zapuztea da, ez egitea eskatzea. Eta beraz, zein irtenbide ematen digute? ETArena? Alegia, azkeneko Zutabean dioen bezala, alderdi politikoen arteko akordio resolutiborik ez dagoen arte ez dutela prozesurik abiatuko. Prozesua ez al zen akordioa bilatzeko? Alderdi politikoek, gizarte honek erabakitzen duena bortz axola zaiola erakutsi du, bertze behin, ETAk.
2007/10/01 23:49:26.874 GMT+2
Ibarretxeren erronka
Nork: jonabril.2007/10/01 23:49:26.874 GMT+2
Etiketak:
eta
kontsulta
ibarretxe
| Permalink
| Erantzunak (3)
| Errenferentziak: (0)
Erantzunak
Nork: Marijo.2007/10/02 14:16:32.738 GMT+2
http://www.goiena.net/blogak/marijo
Nork: Marijo.2007/10/02 14:18:49.716 GMT+2
http://www.goiena.net/blogak/marijo
Ibarretxeren hitzaldia luze samarra izan zela diozu, luzeegia. Bada, zure hitzen maltzukeria edo makurkeria, merke eta erraza da, merkeegi eta errazegia.
Ezker Abertzaleak zazpi lurraldeetarako erreferenduma aldarrikatzea gauza normala da; guztiz oinarrizko aldarrikapena ezkertzale-abertzale guztientzat, nik uste. Beste kontu bat da, behin posibilismo errealera iritsita, zein jarrera hartu beharko litzatekeen Ibarretxek proposatu berri duen balizko kontsulta horren gainean. Eta zeuk ere, nik bezain ondo, badakizu momentu hori ailegatuz gero errealistagoak izango direla EHAKkoak. Dagoeneko izanak dira bozketa garrantzitsuetan, gogoratzen?
Baina benetan merkea eta makurra iruditzen zaidana zure hitzetan ETAri egiten diozun aipamena da; nolabait Ezker Abertzaleak ETAren borroka armatua konponbide bezala aurkezten duela esanez. Horrek bai frogatzen du, edo zure gorrotoa Ezker Abertzaleari, edo zure ezjakintasuna euskal politikaren historiaz. Eta bata zein bestea tristea iruditzen zait, benetan diotsut, Jon.
Izan ere, tristea bezain tamalgarria iruditzen zait ikustea Aralarkoak ere diskurtso pobre eta hutsal horren tranpan jauzi zaretela; badirudi zuen etsai bakarra dela Ezker Abertzalea. Egun, gainerako alderdiei eta zuei entzutea mass-medietan, berdin antzera suertatzen zaigu askori; ekarpenik ez euskal politikara. Ezker Abertzaleak ere ezer gutxi aportatzen du bere etengabeko biktimismo-diskurtsoarekin, baina, nonbait, zentzu politiko batean behintzat, badira biktima nabariak, zuek baino askoz ere biktima argiagoak, ez uste?
Ez dakit zure gaztetasun-kontua ote den, edo Beratik ikusita gauzak hain ezberdin ikusten diren, edo Kazetaritza-fakultatean ez ote dizueten irakatsi zer den inpartzialitatea, edo zer. Baina, Jon, ireki begiak eta adi belarriak, eta hitz hutsalezko testuak idatzi aurretik, pentsatu bi aldiz zer idazten duzun.
Agur bero bat. LANDER.
Nork: Lander Landa.2007/10/04 09:06:15.675 GMT+2
http://www.blogak.com/ALKARBLOGA