Eta atzokoa, zer, orduan?
Ba, esango dugu atzokoari pitin bat falta izan zitzaiola. Baina goazen lehendabizi kontu positiboekin:
- Hasier Oleaga beltza da, arima beltza du; eta jakin behar duzue bateria jole bati ezin zaiola lore handiagorik bota. Zoriontsua da jotzen ari denean, arriskua maite du eta ohiko bideei ihes egiten die, arrakasta osoz, gainera. Taldekideak berari begira izan zituen, diskretuegi, nire ustez.
- Victor de Diego hazi egin da eta gero eta libreago jotzen du; amerikarrek esango luketen legez hasi da bere “own shit” jotzen, urteak ezbaitira alferrik pasatzen.
- Juan de Diegok jarraitzen du bere joera “dekonstruitzailea”, baina askoz gusturago eta askeago ikusi dugu areto txiki eta intimoagoetan.
- Bestalde, eta oker gogoratzen ez badut, Mendizorrotzan urteetan euskaraz (halamoduz, baina euskaraz) osorik ala ia osorik entzun dudan aurkezpen bakarra izango zen de Diego anaiena. Eta gaztelaniaz osorik hamaikatxo entzuna naiz.
- Juilliard School-eko musikariez esan beharra
dago, batzuek –Terell Stafford tonpetak eta Wycliffe Gordon tronboiak kasu- ez
dutela galdu oraindik bihurrikeriak egiteko gogoa, ezta arriskatzeko ausardia
ere. Musikari handiak; dena den, efektismotik lar hurbil ibili ziren batzuetan.
- Eta Ruper, zer? Eskaini zituzten kanten konponketak, ederrak, nahiz eta entsegu apur bat gehiago behar zuten. Dena den, Jainkoa hobeto tenpluan.
Eta ez al dago bainarik? Horixe baietz. Hona hemen:
- Kontzertua, hurrengo egunetakoak baino ordubete lehenago hasita, presaka moduan jarraitu zuen eta lehen eta bigarren taldeen arteko tartean laburra izan bazen ere - de Diego anaiak jotzen hasita eta jendea oraindik esertzen- bigarren eta hirugarren taldeen arteko tarterik ez zen egon apenas. Honek esan nahi du Ruper jendea joateko zutitzen hasi zelarik atera zela oholtzara eta bere lehen abestia jo zuela atzean Hasierrek bateria montatzen amaitzen zuen bitartean. Bis bat ere ez zuten jo, jendeak biziki eskatu arren; ematen zuen hamaiketarako amaitu behar zutela, kosta ahala kosta. Kontratuak? Juilliard School-ekoen lan jarduna? Batek jakingo du, seguru.
- Jende gutxi. Musikarien senide, lagun eta hurbilekoek beteko zituzten aulkien erdiak-edo. Izen handien lilurapean mugitzen gara oraindik. Bide batez, Katixari niri baino gehiago gustatu behar zaio jazza, lerro bat aurrerago baitzegoen.
Beraz, eta musikariek emanaldian zehar aldarrikatu zutenez, bertoko musikariei eman behar zaie –urtero- jotzeko aukera. Honek eskatzen du gutxieneko baldintzak ere eskaini behar zaizkiela emanaldi duina egin dezaten, eta atzo pitin bat falta izan zitzaion; pitin bat.
Eguneraketa:
Hemen duzue 32 segunduko bideotxoa Martin Larralde-ren hasierako konpas batzuk: Ruper & The Juilliard School. Etorkizunerako ideia batzuk gehiago: Ruper & Orkestra sinfonikoa, Ruper & Donostiako Orfeoia, Ruper & hari laukotea, Ruper & Iruñeko Gaiteroak, Ruper & ... ;-)
Erantzunak
Ruperrena... Gasteizko lagun batek komentatu zidan moduan "Lagun bat etxera ekarri eta kaferik ez eskaintzea moduan". Bai, motz egin zen.
Nork: Iban Arantzabal.2007/07/17 11:58:15.204 GMT+2
Ba batzuk penaz gelditxu gara bals hori zuzenean ez entzuteaz. Metalak, kontrabaxua, bateria...eta larre berdeak. Eskerrik asko kronika eta segundutxo horiengaitxik. Gehixao badakazu ipini!!
Nork: matx.2007/07/18 21:23:19.491 GMT+2
www.blogak.com/matx
Nork: aritz.2007/07/19 09:55:51.298 GMT+2
http://www.dantzan.com/blogak/aritz
Nork: lander.2007/07/28 13:45:47.080 GMT+2
www.matraka.info