Gehienok aulkian eserita egiten dugu, ordea, salbuespenak salbuespen. Truman Capotek ohean etzanda idazten zuen, bere zetazko txabusina soinean. Nabokovek zutik ekiten zion idazteari, atril baten laguntzaz, bi orduz eta goizez beti. Ernest Hemingway eta Philip Roth, biak postura bertikalaren lagunak omen, idazmakina apalategi batean kokatuta lehenengoa, bizkar arazoak tarteko bigarrena. Baina lehen esan dudanez, ohikoena, eserita.

Nik denetarik ezagutzen dut: lan-mahaian txintxo, sofan, baita komunean ere, ordenagailu eramangarria izterren gainean, nahiz eta tramankuluak azala erre (esaten dutenez). J.K. Rowlingek Harry Potter kafetegi bateko mahaian idatzi omen zuen, etxean elektrizitatea moztu ziotelako, faktura ordaintzeko dirurik ez zuen-eta. Gauzak zer diren, orain Londreseko kafetegi guztiak erosteko adina diru dauka!
Baina esperientziak esaten dit mugimenduan datozela ideiarik onenak. Kalean, igerilekuan, dantzan: eskura bolalumarik ez dugunean. Ziur esplikazio neurologikoa ere badagoela. Mugimendua = jenialtasuna. Bai tragikoa idazlearen patua, idazterakoan eserita erosoago dago, baina ipurdia aulkian edo sofan jartzearekin batera, jenialtasunak alde egiten dio.

Nik tarteko irtenbide bat aurkitu dut, ordea. Eserita egiten dut, bai, baina ordenagailuaren alboan baso bat ur daukat, eta basoaren alboan, pitxer bat, urez beterik. Edan eta idatzi, horretara lotzen naiz, eta halako batean, eta nire maskuria txikia denez, komunera joateko beharra sortzen zait. Eta ipurdia altxatu eta mugimenduan jartzen naiz. Komunetik bueltan edaten jarraitzen dut, eta pixagura ere berehala etortzen zait bueltan. Mugimendua eta eserialdiak, biak konbinatzen ditut, eta nago, formula honen bitartez, jenialtasun orekatu batera ailegatu naitekeela. Laster, oso laster, gutxien espero duzuenean.

Erantzunak
Nork: maria.2008/03/04 18:05:16.029 GMT+1
Nork: Josu.2008/03/04 23:21:21.493 GMT+1
http://eibar.org/blogak/josu