AHTren Nafarroako Korridorearen eta "euskal Y"aren arteko lotuneari dagozkiola, Sakanako AHT Gelditu Elkarlanak, trenbideetako zuzendari nagusi Luis de Santiago Perezek joan den azaroaren 14an Senatuan publiko egin zuen gogoeta ekarri nahi du honera: "Iruñea eta euskal Yaren arteko lotunea -bere hitzetan- oso konplexua da (...) Zona horretantxe ez ditugu oso aurrekari onak eta egoera horiek errepika daitezen kosta ahala kosta ekidin behar dugu".
Aitzitik, administrazioak informazioa ezkutatzen ari direnaren proba ukaezina dago, inork ezin izan baitu inolako informaziorik lortu aipagai dugun lotunearen trazaketaren alternatibak jadanik zehaztu dituzten aurre-ikerketen inguruan. Jakina da, ordea, Espainiako Sustapen Ministerioak 2005eko irailaren 27an GPO Ingeniería enpresari esleitu zizkiola ikerketa-lan horiek, 672.800 euroko aurrekontuarekin, "Kantauri-Mediterraneo arteko Prestazio Handiko trenbide korridorearen Ikerketa funtzionala" delakoren azterketaren barruan; aurre-ikerketak egiteko epea 18 hilabetekoa izanik, 2007ko martxoan bukatuta egon behar zuen horrek.
Hartara, Espainiako gobernuak Nafarroan duen Ordezkari Vicente Ripak honako hau baieztatu zuen joan den urriaren 19an: "Kantauri-Mediterraneo arteko lotunearen Ikerketa funtzionala eginda dago, eta onarpen ofizialaren zain, ibilbideak, epeak eta kostuak zehaztuta daude". Bien bitartean, azken deklarazio politikoek Sustapen Ministerioa jada 1:5.000 eskalako Aurreproiektua barne hartzen duen "Ikerketa Informatiboa" burutzen ari dela adierazten dute, uda honetarako bukatua egotea espero dutena, hain zuzen ere.
Zehaztasun gehiagoko informazio publikorik ez egonik ere, ondorengo datuak mahaiaren gainean jarri nahi ditugu proiektua bereziki txikitzailea dela frogatzeko:
1) "Abiadura Handiko Nafarroako korridorearen Alternati ben Azterletak" (1997) txostenean, "euskal Y"arekin lotura egiteko Sustapen Ministerioak jaso zituen bi aukerek Aralar mendizerra zeharkatzen dute, Ordizian (Irudian "Alternativa E") edo Tolosan ("Alternativa F") bi sareak lotzeko.
2) Aurreko bi alternatibekin batera, hirugarren alternatiba bat jaso dute Nafarroako Gobernuak "Plan de Ordenación Territorial" (POT, 2006) txostenean eta Eusko Jaurlaritzak "Plan Territorial Sectorial de la Red Intermodal y Logística del Transporte de la CAPV" (2007) txostenean: hirugarren alternatiba horrek "euskal Y"arekiko lotura Etxarri-Aranatzetik abiatuta egitea aurrikusten du, Altzaniako mendizerra zeharkatuz eta Ataun mendebaldetik inguratuz (Lauzti Erreka auzoa harrapatuz), jarraian Idiazabal, Ormaiztegi eta Ezkio-Itsasorantz eginez.
3) Gaur egun gehien aipatzen duten Altsasuko alternatibak Sakanako herri gehienak zeharkatzea dakar, trazaketa Etxegarate aldera hurbildu eta Idiazabalen seguruenik Urtsuarango haranetik sartzeko ("Ezkio-Itsaso" trazaketa irudian).
4) Azkenik, ohartarazi nahi dugu Sustapen Ministerioa Otzaurteko mendatetik pasatzen den gaur egungo trenbidearen birmoldaketa gogorra aztertzen ari daitekeela, AHTak gaitasun eskasa baitu merkantzia-garraioa egiteko. Hau da, AHTa nahikoa ez balitz, Otzaurten egungo trenbidearen balizko saihesbide baten eraikuntza gehitu beharko genioke, merkantzien garraioan espezializatua izango litzatekeena eta Zegaman eragin gogorra izan lezakeena. Izan ere, zati honetan zalantza handiak sortzen dira trazaketa berrien eskema osoaren inguruan, alde batetik, Abiadura Handiko bidaiarien trafikoa ahalbideratu behar baitute, baina bestetik, baita Altsasutik burutzen den merkantzia-garraioa ere.
Horiek horrela, arazoaren larritasunaz oharturik, AHT GELDITU! Elkarlanak gizarte mailan hainbeste eztabaida piztu duen proiektua inposatzeari uzteko eskatzen die gobernuei, alde batera utziz orain arte mantenduriko jarrera prepotentea. Izan ere, erakundeetatik nozitzen ari garen agintekeriaren adibide biribila eskaini baitu berriki Nafarroako Garraio kontseilari Laura Albak, AHTren inguruan eztabaida soziala irekitzeko beharrari uko egin eta auzi honen gainean ponentzia parlamentario bat sortzeko aukerari berari ere muzin eginez, gai honen inguruan "parte-hartze zabala" egon dela lotsagabeki esanaz.
Nota: "Ama Lurrari min egiten diolako" kartelatik ateratako irudia. Pdf fitxategi honetan dago kartelaren lehenbiziko bertsioa (2.4 Mb).

Idatzi artikulu bat