Hemen duzue Borthuzai eta bion alter-hegoek idatzitako bigarren Bat eta Bat zutabea Goiberri aldizkari berrirako.
Hemen duzue Borthuzai eta bion alter-hegoek idatzitako bigarren Bat eta Bat zutabea Goiberri aldizkari berrirako.
Nork: indezent.2012/05/14 12:08:47.281 GMT+2
Etiketak:
testuak
borthuzai
bat_eta_bat
komunikabideak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Oso transzendental jartzen ari naiz azkenaldian… Unibertsoa gora eta unibertsoa behera. Goiberrirako Artola jaunak eta biok aurkeztu genuen lehen bat eta batean horixe izan zen bota nion gaia. Letretakoa izan naiz beti, oso. Hala ere, badira gai batzuk beti jakinmina sortu didatenak. Horien artean nola ez, guztiaren jatorria eta gure errealitateari mugak jarri behar izatearen beharra (oso filosofikoa ematen du honek guztiak beraz letretakoa izaten jarraituko dut agian…).
Kontua da, azkenaldian lurraz kanpoko bizian pentsatzen aritu naizela. Beti izan dut gustoko zientzia fikzioa (bai, friki bat naiz) eta estralurtarrez aritu diren filma onak oso gustoko ditut (Contact handiaz gogoratzen naiz. Ez dut martzioanorik agertzen ez den martziano filma honberik ezagutzen…). Denbora darama gizakiak gure lurretik kanpo bizirik ote dagoen pentsatzen nola ez, errealitatea osoa definitu eta mugatzeko asmo hutsarekin (ezezagunak beldur asko eman izan digu beti), amaiezina den leku honetak bakardadetik ihes egiteko.

Hala ere, bada bilaketa honetan oso kontraesankorra iruditzen zaidan jarrera bat. Gizateriaren historia aztertuz argi eta garbi ondoriozta dezakegu erabat antropozentrikoak izan garela beti lurrari dagokionean eta erabat hegozentrikoak gure lurraren barnean gizarte berriak topatu ditugunean. Beti gutsietsi izan dugu kanpokoa, berria, eta gure ahalegin guztiak, gizarte berri horiek zaplatzen xahutu ditugu gainera.
Gure lurretik kanpora begiratzen dugunean ordea, beti imaginatzen dugu zibilizazio aurreratuago bat, jantzi gris metalikoz jantzita etorriko dena, gaitz guztien aurkako sendagai bat topatua duena, unibertsoaren sekretuak ezagutuko dituena eta nola ez, azalduko dizkiguna.
Garbi dago, gugana iristea lortuko balute gu baino aurreratuagoak izango liratekela baina zergatik pentsatzen dugu hala ez bada, ikusten ez baditugu alegia, bakarrik gaudela? Behin baino gehiegotan entzun izan dut gure planetan bizia sortzea istripu bat besterik ez zela izan, zorte handia izan genuela. Orduan, zergatik ez pentsatu uste genuena baino zorte gehiago izan genuela eta unibertsoan bizi gehiago egon badagoela baina beranduago hasi zela?
Mende eta mendeak ezagututako zibilizazio berriak gutxiesten, suntsitzen, hankaperatzen. Gure planeta osoa ezagutu ostean ordea, kanpora begira espezie aurreratuago baten desira eta beharra erakusten dugu… Ematen duenez, Jainkoaren bila jarraitzen dugu, edo bere funtzioa beteko duen norbaiten bila gure barnean, kolektiboki, kontziente garelako espezie moduan aitatxoren errieta behar dugula gure ibilbidea zuzentzeko. Tristea...
Nork: indezent.2012/04/28 16:33:56.482 GMT+2
Etiketak:
iritziak
unibertsoa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Ez dut blog honetan sekula futbolaz gehiegi hitz egin. Eta ez nuen uste, AMPO Ordiziak Errege Kopako finala jokatzen duen asteburuan futbolaz hitz egiten amaituko nukeenik baina egia esan, kokoteraino nauka kontu batek.
Aldez aurretik garbi utzi nahi dut ez naizela oso futbolzalea (Errealzalea naiz) beraz, ez naiz oso jakituna ere (Ordiziako Elkarte handi horrek nire pertsona rugbyzale bilakatzea lortu du). Honekin esan nahi dut, 4-3-3 eta 4-4-2 telefono aurrezenbakiak besterik ez direla niretzat.
Hala ere, ez dut azken asteetan “gure” prentsan indartsu egiten ari den korronte bat ulertzen, Montanier Frantziara bueltan bidali nahi duena hain zuzen ere. Gaur bertan hotzikara sortu didan datu bat dator “gure” egunkari horietako batean. Ematen duenez, azken urteetan (Kraussen garaietatik), hiru entranatzailek bakarrik osatu dituzte bi denboraldi oso Errealean: Krauss berak, Reynald Denoueix frantziarrak eta Martin Lasarte uruguaitarrak.

Kontuan izanda, lehendabizikoak ia Championsera sailkatu gintuela, bigarrenarekin ia liga irabazi eta Championsa jokatzea lortu genuela eta hirugarrenak lehen mailara itzuli gintuela, arazo larri bat dugulakoan nago. Zein demontre uste dugu garela?
Talde txiki bat gara, bere izaera harrobian duena eta garbi izan behar duena, lehen mailan egoteko, egunero lan asko egin beharko dugula. Konturatu al dira Montanierri Konainer deitzen ari direnak taldea ezagutu gabe etorri zenetik bederatzi hilabete besterik ez direla pasa? Talde hori behera goitik behera gaztetu duela? Orain arte jokatzen ari ez ziren jokalariei aukerak ematen ari dela? Harrobiko bederatzi tiporekin jokatzen ari dela! Fitxaje bakarrarekin ari dela!!!
Benetan, batzuetan Errealeko zaleak begiratzean Valentziakoak ikusten ari naizela iruditzen zait. Utzi bakean Montanier demontre eta utzi iozue lasai bigarren denboraldia prestatzen! Behin taldea ezagututa, egin ditzala iruditzen zaizkion bi edo hiru fitxaketak eta ea zer gertatzen den. Norbaiti proiektu bat gidatzeko ardura ematen bazaio, konfidantza bat zor zaio eta behar duen azkeneko gauza, klubeko presidentea, gau eta egun, denboraldi amaieran entrenatzailea aldatzea aukera bat dela esaten entzutea da. Zein españolak garen batzuetan benetan… Utzi bakean Montanier!!
Nork: indezent.2012/04/21 16:35:17.512 GMT+2
Etiketak:
montanier
kirola
erreala
futbola
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Maria bankura doa eguerdiko ordubata terdiak aldera. Goizean okindegian bildu duen dirua, bera ete bere kidearen artean orain hamabost urte zabaldu zuten kontuan sartzera doa. Hirurogehi urte inguruan dabil Maria eta okindegitik bankura doala bera gaztea zenetik gauzak zenbat aldatu diren pentsatzen doa. Erabaki ona hartu zuen etxeak garbitzeari utzi eta bere lagun Carmenekin okindegia irekitzea erabaki zuenean.
Bere hizkuntza eta kulturaren alde egin zuen borroka Mariak gaztetan. Denborarekin, auzi horiek garrantzia galtzen joan ziren egunero indartsuago ikusten bait zuen bere hizkuntza kolpatua herriko kaleetan. Gaur egun, auziak beste batzuk dira pentsatu du. Krisia, lan erreforma, langileen eskubideen murrizketa… Bere aitak kontu hauen inguruan zenbat borroka egin zuen gogoratu du. Bizitza ziklikoa omen da… Hori diote eta agian ez zaie arrazoirik falta.
Bere aitak fabrikako lan baldintzak hobetzeko lanean eman zuen bizia eta Mariarentzat mundu hobeago bat eraikitzen lagundu zuen. Berak, Mariak, euskara eta gure kultura indartzearen alde egin zuen lan ondoren eta bere seme-alabei hizkuntza indartsuago bat utzi zien. Denbora horretan ordea, bere aita eta konpainiak eginiko lan guztia apurka apurka erortzen joan denaren sentsazioa du, adreiluak banan-banan erortzen zaizkion gaztelu baten moduan. Bere seme-alabek, ez dute euskara arriskuan ikusten. Gauzak ongi egin ditugulako alde batetik, eta garai okerragoak ezagutu ez dituztelako bestetik dio Mariak bere barrenerako bankura iristen ari den bitartean.
Bere seme-alabek ordea, erabat bizi ikusten dute aitonaren borroka. Unibertsitatean ikasiak dira biak eta orain arte mila euro ziztrin besterik ez zituzten eramaten poltsikora hilero. Egin duten lan guztiarekin… Orain, lan erreformarekin, 800 besterik ez dira eta larunbatetan ere lan egin behar dute. Ez baduk nahi, atean zain zazpi zeuzkiat esan omen zion nagusiak semeari.
Maria bankuan sartu da eta sarrerako ordenagailuan bere zenbakia hartu du. Ordu-laurden itxaroten egon ostean bere txanda iritsi da:
- Egunon! – Esan dio Mariak lehiatilako neskari irriparre batez - Diru hau kontuan sartzera nator.
- Perdon, ¿Me podria hablar en castellano?
Mariari zerbait apurtu zaio barrenean. Eskua ahora eraman du iraganeko mamu bat berriz ikusi balu moduan. Lehiatilako neska konturatu da Mariak eraman duen sustoaz eta barkamena eskatu dio. Gironakoa dela eta orain arte banku berberarena zen sukurtsal batean lan egiten zuela bertan. Itxi egin omen dute ordea eta bere lanpostua mantentzeko aukera bakarra hona etortzea izan omen da. Ez daude gauzak beste lan bat bilatzen hasteko… Esan dio kupida eskatuz Mariari.
Mariak aurpegia aldatu du kolpean eta irriparre gozo batekin erantzun dio Gironako neskari. Euskaldunak pertsona onak gara beste gauza guztien gainetik esan dio bere buruari. Gaztelaniaz egin du bankuan egin beharrekoa eta eta lehiatilako neska agurtu du gurera ongi etorria eman ostean.
Bankutik ateratzean pentsamendu mordu bat etorriko zaizkio aldi berean burura Mariari eta paretaren aurka erortzen utzi du bizkarra lasaiago pentsatzeko asmoz. Bere aita etorri zaio burura, langileen eskubideengatik egin zuen lan guztia, garai batean Maria berak gure hizkuntza eta kulturaren alde eginikoa, bere seme-alabak, lan kontuekin izaten ari ziren arazoak eta, hauek borrokarako zuten gogoa.
Zuzen jarri da Maria berriz ere eta etxera abiatu da bazkaria berotzera. Bidean, autokritika egin du. Agian gure hizkuntzaren alde lan egiten ari ginela gure aitak lortutakoa mantentzea ahaztu zitzaigun, agian gure errua da. Hala ere, garbi izan du berak eta bere belaunaldikoek eginiko guztiaren balioa eta gauza bat bakarrik eskatu dio oso gutxitan zerbait eskatzen dion Jainkoari. Aurretik dugun borroka honetan ez dadila gure hizkuntza izan atzera egiten duena. Ez gaitezen berriz ere akats berdinean erori mesedez.
Nork: indezent.2012/04/03 15:31:35.110 GMT+2
Etiketak:
iritziak
krisia
euskara
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Hiru tipo eskenatoki gainean. Neska bat eta bi mutil. Kitarra bat, baxu bat eta kaxa, basea eta bi plato besterik ez dituen bateria soil bat. Kitarra kolpe zerriak, imaginatu daitezkeenak baino askoz gehiago. Hala ere, kolpe eta kolperen artean milaka detailerekin topatzen zara, atzetik, kitarrak bere kabuz joko balitu moduan, bizi propioa izango balu moduan eta hala dirudi batzuetan Alan, alde batetik bestera eramaten baitu tiraka hankak twist dantzari baten moduan mugitzen dituen bitartean. Batzuetan, muxu bat ere eskatzen dio baina ez kopetan ematen diren horietakoa. Kitarrak, jasotzen dituen kolpeak bezain muxu zerriak nahi ditu eta horixe da Alanek ematen diona. Giroan, tentsio eta intentsitatea nabari dira. Sufrimendua, masokismo ikutu bat ere bai. Sufrituz agian, bizia errazagoa bait da. Ezerk ezin zaitu mindu, zu zara mina… Edo deabrua… Alan behin Lucifer berak eraman omen zuen… Ez dakigu nora.
Erdian Mimi dago, bere bateria soilaren atzean eta bere erritmoek Segurako Aste Santura eraman naute. Badute hileta-martxa ikutu bat. Konturatzerako, barruraino sartzen zaizkizu eta erritmo sinple horiek zure arima hipnotizatzeko estrategia landu bat zirenaren sentsazioarekin amaitzen duzu. Hala ere, ez da hori Mimiren armarik indartsuena ahoa ireki eta kantatzen hasten den bakoitzean, zure ahoak ere zabal zabalik amaitzen baitu.
Ondoan, garaiko baxu-jolea dute; Steven igerilaria. Baxu-jole ona da, lan zikina ixil-ixilik egiten duen horietakoa. Eskenatoki gainean dagoela ere ahaztu egiten zaizu noizean behin eta hain justu, une hori probesten du bera ere sentimendu, intentsitate eta sufrimendu mundu horretan begirale soil bat besterik ez dela erakusteko.
Atzo, Low ikusi nuen Kursaalean eta oraindik, ez naiz errekuperatu.
Nork: indezent.2012/03/31 19:06:15.190 GMT+2
Etiketak:
klipak
kritikak
musika
low
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Hemen duzue Borthuzai eta bion alter-hegoek idatzitako lehen Bat eta Bat zutabea Goiberri aldizkari berrirako.
Nork: indezent.2012/03/13 21:47:29.857 GMT+1
Etiketak:
testuak
unibertsoa
goiberri
bothuzai
bat_eta_bat
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (1)
Protestan, beti protestan… Behin baino gehiagotan entzun dut kritika hori nire bizitzan zehar baina zer nahi duzue esatea? Ikaragarri gustatzen zait! Beti nahiago izango dut gainera, ikuspegi kritikoa izan eta alde guztietakoei egurra banatu, batzuen atzean jarri eta akatsak beste guztiengan soilik ikustea baino…
Hala ere, autokritika egitea gauza osasuntsua izan ohi da eta gaurkoan proposamen eraikitzaile batekin nator. Hona hemen nire opari bat gure alkate zein zinegotzi guiztientzat. Nola konpondu etxebizitzaren arazoa gure herrietan! Ez horregatik!
1) Herriko etxebizitza hutsen zentso bat osatu.
2) Etxe hauen alokairuak kudeatzeko organu bat sortu (Lan postuak ere sortu ditut! K makina...).
3) Etxe bizitza hutsen jabe bakoitzari gutun bat bidali.
4) Gutun horretan azalduko zaie nahi izan ezkero, Udalak hartuko duela etxebizitzaren alokatzaile papera: maizterrak bilatu, alokairua kobratu eta arazorik izan ezkero, inkilinoak kanporatu.
5) Alokairuaren kopurua erabakitzeko parametro batzuk zehaztu eta laguntza publikoez baliaturik maizterrei alokairu eskuragarri bat eskaini.
Beno, orain idazten amaitu dudala... Ez dut uste ezer berririk asmatu dudanik ezta? Hain zaila al da? Zeren zain gaude…
Eta behin Olentzero sindromearekin jarraituta, hemen beste opari bat: Low. Martxoaren 30ean Donostiako Kursaalean. Ez zarete damutuko!
Nork: indezent.2012/03/10 15:23:23.076 GMT+1
Etiketak:
klipak
iritziak
musika
low
etxebizitza
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
Duela hiru urte ikaragarrizko kaskarrekoa hartu nuen eskiatzen. Hegan atera nintzen eta zortzi bat metro aurrerago hartu nuen lur kopetarekin beste hogei bat metro lurretik egiteko. Nire lagunen hitzetan, hildako katu baten moduan geratu nintzen lurrean. Estazioko langile bat iritsi zen nire ondora eta erabat larrituta galderak egiten hasi zitzaidan; Zenbat behatz ikusten dituzu? eta halakoak.
Behatz kopuruarekin asmatu ostean hankak sentitzen ote nituen galdetu zidan. Nik bitartean ikaragarrizko buruko mina nuen eta eskularrudun eskuak kopetara bidaltzen nituen odol bila. Hankak! Hankak! Galdetzen jarraitzen zuen. Ze hanka eta ze hostia!!! Ba al dut zauririk buruan?, Hankak sentitzen al dituzu?! Une hartan tipo hark arrazoia izan zezakeela konturatu eta mugitzeko agindua eman nien nire hankei, arazorik ez. Eta burua??!!, Buruan ez duzu ezer erantzun eta aldapan behera jarraitu zuen.
Txamarra lehertu bat, kozkor eder bat ezkerreko begiaren gainean eta kontraktura txiki bat. Horixe izan zen erorketa huragatik ordaindu behar izan nuen bakarra. Zortea izan nuen egun hartan. Beno, beti izan dut zortea kolpeekin (egurrezko mahai baten gainean ditut ordenagailua eta besoak).
Hala ere, badirudi ni bezalako “tirabolas” euskaldunak ugaritzen ari garela elurdun mendietan eta frantziarrek ere kontuan hartu dute hori. Begira zer topatu genuen joan zen asteburuan Gavarnieko aldapa baten magalean.
Nork: indezent.2012/03/09 13:29:45.021 GMT+1
Etiketak:
bitxikeriak
eskia
gavarnie
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Egun tristea izan da gaurkoa nahiz eta azkenean irriparre bat utzi didan ahoan zintzelaturik. Lau urte neramatzan Goierri Irratiaren proiektuan murgilduta. Hasieratik egon naiz bertan; materiala erosi, muntatu, kableak sartu…
Ederki pasa dut azken lau denboraldietan eta espero dut irratiaren beste aldean zeudenek ere halako zerbait esan ahal izatea. Beraiei eta Egunon Goierri saiotik pasa diren kolaboratzaile guztiei eskeini nahi izan diegu gaurko saioa eta azkenean, malkoren bate ere geratu da bidean.
Gaur, garaiek eta egoerak derrigortuta, Goierri Irratiaren programazioa etetea tokatu da. Ea agur bat izan ordez laister arte bat besterik ez den.
Hemen duzue azken Egunon Goierri saioa entzungai eta nahiz eta niretzat eguneko kantua izan den, azkenean saioako kantu zerrendan sartu ez den energiaz beteriko kantu ikaragarri hau.
Mila esker guztioi!
Nork: indezent.2012/03/02 18:25:36.404 GMT+1
Etiketak:
egunon_goierri
goierri_irratia
irratia
les_savy_fav
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Gipuzkoako Bilduk bonba askatu du gaur. Aspaldi ikusten genituen B52 bonbardero berde eta partehartzaileak gure gainean hegaka eta bagenekien egunen batean gure gainean askatuko zutela inposizioaren bonba. Eta askatu dute azkenean. Gaur bertan eskaini dute prentsaurrekoa eta orain bai, egia da, atez-ateko zabor bilketa sistema martxan jarriko dute Gipuzkoako herrietan.
Hasiera batean amorrua sentitu dut. 5. edukiontziaren erabiltzailea naiz, reziklatzailea beraz eta eragozpen asko ikusten nizkion eta dizkiot oraindik atez-atekoari; zakarra portal aurrean, espaloiak zintzilikarioz josita, zaborra jaisteko egun zehatzak, usainak…. Zergatik ordaindu behar dut nik besteak alper batzuk direlako?
Hala ere, onartu beharrean nago ez dudala sistema gehiegi ezagutzen. Beno, egia esango dizuet, bat ere ez. Medio ezberdinetan edo jendeari enztundako besterik ez dakit. Aldi berean ordea, Usurbil edo Oiartzungo lagunek ongi hitz egin didate sistema berriaz; Azkenean, ez da hainbesterako diote.
Argazkia: Goiena.net
Gaur, lanerako egin behar nion elkarrizketa bat zela eta, Sasietako Lehendakaria den Lazkaoko alkartearekin hitz egiteko aukera izan dut eta dexente lasaitu nau sistemaren inguruan. Honek ere hainbesterako ez dela dio eta azkenerako erosoa ere ba omen da. Horretaz gain gainera, %80a birziklatzera iritsiko omen gara. Ez dut ezer sinestuko ikusi arte baina atez-atekoaren kontrako ahoitsei eman diedan sinesgarritasun bera eman beharko diot berari gutxienez ezta?
Lasaitu egin nau beraz, sistema berriak nire bizitzan, gure bizitzetan suposatuko duenaren inguruan baina amorrua barnean izaten jarraitzen nuela konturatu naiz solasaldia amaitu ostean. Orduan, nire amorrua beste leku batetik zetorrela konturatu naiz.
Azken bi hauteskundeetan bai Bilduk eta baita Amaiurrek ere, partehartzea, herri galdeketak, zubiak eta herrigintza izan dituzte hizpide eta jarrera horrek, itxaropena eman zidan zer nahi duzue esatea (nahiz eta beste gauza natzuk gehiegi ez konbentzitu…). Ez dute boterea sekula ikutu, gauzak beste modu batera egingo dituzte esaten nion nire buruari.
Baita zera ere! Ez herri galdeketarik, ez partehartzerik eta ez hostiarik ere! Erabakia bakarrik hartu dute, gai polemikoa zela jakinda ere (hainbeste kostatzen al zen dekretazoaren aurretik plaza pixka bat atontzea?). Zaborraren dekretua sinatu dute eta ez diote inori galdetu. Hauek ere, beste alderdi guztiek bezelaxe, batzuetan herriak zer behar duen herriak baino hobeto dakitelako.
Hemendik bi urtera agian atez-atekoaren jarraitzaile sutsua izango naiz eta urte batzuk atzera sitema berriaren inguruko ezjakintasunak itsutzen ninduela onartuko dut. Nork daki? Sekula ordea, ez zait zuzena irudituko partehartzea eta herri galdeketak saldu ostean, erabakiak dekretuz hartzen hastea. Are gehiago jendearen asperdurara eta ezinegonaz baliatu bazara bidean.
Niri behintzat, iruzur egin didazue gaur. Edukiagatik baino gehiago, moduengatik. Gaur, zuek ere politikoak zaretela frogatu didazue eta alderdi sisteman geratzen zitzaidan itxaropen apurra akabatu duzue. Mila esker!
Nork: indezent.2012/02/22 19:28:11.023 GMT+1
Etiketak:
iritziak
politika
zaborra
bildu
atez-atekoa
| Permalink
| Erantzunak (7)
| Errenferentziak: (0)