III
- Herioren perfume gozoa asma dezaket. - Esan zuen Roke Baltez detektibe pribatuak atarian sartu bezain pronto. -Baltez, ez ezak ezta pentsatu ere egin hire zakur zantar horrekin sartzen utziko haudanik!- Detektibeari atea eusten zion poliziaren begiak errukiz pausatu ziren nigan, dena ulertzearen aurpegia jarri zuen zakurraren gainean.-Itxaron hemen, Zuhur.- Agindu zidan laztanki neure lagunak.- Pizti zantarragoak ikusten ditiat inguruan, Atxabal!- Baltezi krimenaren eszenatokia erakutsi behar zion ajenteak ezin izan zuen bere barrea disimulatu Atxabal inspektorearen keinu sufritua ikustean. Baltezek ondo ezagutzen zuen Atxabalen funtzionatzeko modua. Eta oraingoan putaseme hura zirikatzeko aukera eskeintzen zion patuak, aspaldiko partez. Kasu bat zeukan, azkenean, eta bizitzak zemakion itxaropen txiki horrek bere alaitasuna bortizki agertzea zekarren, bere burua ostera ere argitzea, hiriko inbestigatzailerik "metodogeena" eta buruargienetarikoa izateko aukera, berriro ere.
Oraindik gogora zitzakeen bere lehen kasuak: egun haietako ospea, kafe usainez beteriko oherik gabeko gauak eta ohore hipokritaz betetako mementuak. Guzti hau eta are neke gehixeago alde batera utzita, egun haien artean lehenengo odolkia ikusi zuen eguna zen hobekien oroitzen zuena. Izugarrizko hatsa zerion polito zulaturiko gorpu gizajoari. Ezin izango zuen egundo kirats hori bere sudurretik kendu. Ordutik, Herioren perfumea usaintzeko dohai paregabea eramango zuen Baltezek bere bizi zakarrean zehar, betirako; edo hil arteraino behinik behin. Paregabea gizakien artean, noski. Kasu hartan Atxabal eta bera inspektoregai gazteak baino ez ziren oraindio, baina hala eta guztiz ere beraien abilezia ikaragarriak berba barik utzi beharko zuen departamentu osoa, ziutate osoa eta herrialde osoa, komunikabideetako banpiro guztien gozamenerako. Pixkat gerotxoago ezagutuko zuten Beatriz, banpiresarik ederrena, haien arteko adiskidetasuna hondatzen lagunduko zuena.
Beatriz Idoiaga bigarren mailako telebista baterako erreportari lanak egiten zituen orduan. Orain kate garrantzitsu batean egiten zuen lan, hirian ematen ziren erahilketak lizunki aztertzen zituen reality show moduko telesail batean besteen zoritxarretik sakelak ederki betez. Je,je, horrek Baltezek azkenaldian bulegoko sofaren gainean etzanda pentsaturiko ideia nahikoa “absurdua” dakarkit gogora. Hiltzailearen begiak telesailean Beatrizek iragarkiak agindu zituenean oldozturikoa berau. Katez aldatu zuenean eguneko berriak albiriste deigarria imini zuten bere gogoeten artean; zeinetan txabola auzo batetako auzokideak euren betiko bizileku bakar eta umila defendatzen ahalegintzen ziren poliziaren indarkeria nahikoa ohikoaren kontra. Gizajoak. Injustizia hori jasatzea zen euren patua, nahi eta nahi ez. Polizia hoiek zer edo zelako lana izan zezaten, eraikuntzako magnateek enporioa manten zezaten, politikoek eskupekoa lor zezaten, banpiroek zerbait konta zezaten. Eta abar. Baina ez zen guzti hau barrea eragiten zion gauza bakarra. Baltezi barre gazi-geza bat eragiten zionak bera ere menpekotasun horren azpian egotearen ideia zen. Berak ere beharrezkoa baitzuen jendearen desgrazia bizitzeko: senar golforen batek emazteari adarrak jartzea, inork zerbait baliotsua galtzea, norbait desagertzea edo desiratuenen artean desiratuena; nor edo nor batek beste nor edo nor bat hiltzea. Horrek ematen baitzigun ogia, eta ogia izaten jarraitzeko, ez zegoen ezer hobeagorik hilketa baten argipena baino; horrek zekartzan abantailekin, noski. Horrelakoa zen bizitza, Ahalguztidunak sortua. Eta bera detektibe pribatua zen; bai, detektibe pribatua.
Arazoak beharretik bota zutenean hasi ziren. Beatrizen jarrera ezkorrak ere ez zion batere lagundu. Aspalditik suma zezakeen bion arteko erlazioa hankaz gora zihoala, eta bere instintu azeriarrak Beatrizen beraganako maitasuna agortua zela esaten zion behin eta berriz. Baina beretzat Beatrizenganako maitasuna hilezkorra zen; ondoren hausnartu eta zorakeriz horditurik izendatuko zuen bezala, maitasun ideala, antzinakoek maitasun erromantikoa deitu ohi zutena.
Maitasun idealaren ideia bulegoan etzanda ematen zituen ordu luzeetako batean okurritu zitzaion Baltezi. Ez zen ideia orijinala, suposatzen zuenez; baina berak oraindik ez zuen horrela izendatzen zuenik ezagutzen. Kultura gutxi zuenaren seinale beharbada. Izatez, Beatrizekin izan zituen prolema andanaren hausnarketa sakonean zuen oinarria teoria bitxi horrek. Beno, egia esan, bere gogoeta malabarikoen eragingarriak ez ziren Beatrizekin zituen prolemak soilik, baina utz ditzagun kontu hoiek geroko, orain atxiki gatzaizkio gaiari. Berak zioen legez, maitasun jainkozkoa ere dei zitekeen. Hauxe zen kontzeptuaren arrazoiketa: Jainkoak ideala baino ez dira, beraz, hauek bakarrik maita dezakete eternalki, hauek ideia betierekoa baitira eta betierekoa den izaki batek baino ezin baitezake maita betiereko espazio denboral batean zehar. Hala ere, badirudi “baina” batek eragozten dituela jainkoak ere. Jainkoak ideal bezala baino ezin badira izan eta, hortaz, geure imajinazioaren erreinuko monarka legez baino ez, orduan giza denborak mugatzen dituen jainkoak ezin daitezke betierekoak izan denbora historikoaren mugen barnean baino, eta honek automatikoki egiten ditu hilkor jainkoak, azken gizakiaren biziaren mende(edo hobeto esanda, azken sinestunaren mende).
Hausnarketak eta teoriak gorabehera, nire lagunari maitasun moeta honek ez zekarkion batere onurarik; honen ordez, min garratza eta biziera jasangaitza.
Beatriz.
Beatrizez gabiltzela, izter luze ferekagarriak zituen eta ditibolo laztantzeko modukoak. Ipurdi guri- guria eta ezpainak marrubi zaporekoak. Eta zer esanik ez bere beheko ezpainetaz. Inondik inora ere ez zukeen Baltezek pentsatuko hainbestekorik egin daitekeenik gihar sakratu hoiekin.
Nik bere usaina nuen gogoko, egundo arnastu ez dudan anbrosiarena edo. Diot nik. Eta bere laztanak, eta niganako hitz gozoak... Pare bat aldiz saiatu nintzen ni neu ere Beatriz estaltzen, baina lortzen nuen bakarra Baltezen bronka eta ostikadak ziren. Ezin dut ulertu jeloskortasuna. Dena dela, ez dagokit niri txorakeriei buruz hausnartzea; azken batean, ez naiz zakur ziztrin bat baino. Zorionez.
Esan dudan bezala, eta geure historioa ahantzi nahi ez dudalarik, Baltez detektibea barrura sartu zen, ni eta Atxabal dudatia kanpoan utziaz. Ni ez nengoen gela horren barruan Baltezekin, baina dudik gabe zihurta dezaket eskularru zuri bezain asdun batzuk jantzi zituela, hildakoari begira geratu zitzaiola eta mementu gutxiren buruan azken honen alboan etzan zela. Ondoren, gelako papardo harritu guztiak popatik hartzera bidaliko zituen, hau ere seguru. Eta ni berarekin egon ahal izanez gero; beragandik hurre eserita, isil isilik eta sudurraren dei instintuzkoaren zai. Behin bakardadean egonik, begiak zarratuko zituen, bere sentzazioei behaka. Ez diezazueket erran zer pentsatzen zuen orduan; nahiz eta Baltezi buruz beste gauza asko imajinatu ahal ditudan, atzen hau nire asmamenetik kanpo geratzen baita. Dena dela, zihur exgizakiaren pentsamenduetan barneratzen saiatzen zela, edota gizakiek eskeintzen dituzten pater noster haietako bat opetsi . Diot nik.
Begiak zabalduko zituen minutu pare baten buruan, eta ingurunea sakonki hausnartuko zuen begirada berekoiz. Zehatzez.
Baina ni han ez nengoenez( berau pentsa nahi nuke nik), ia berehala ikusi nuen eraikinetik irtetzen, atartea jagotzen zuen poliziari agurtzen eta Atxabalen -Amaitu duk jada?- zirikatzaile eta aldi berean errespetagarriari jaramonik batere ez egiten.
Inolako mezurik adierazi gabe abiarazi ninduen kalean behera, urduri.