Gogorra da luzaroan itxaroten egotea, gogorra eta neketsua. Odolaren Mintzoa blogean joskuk esan bezala, bizitza osoa pasatzen dugu zerbaiten esperoan, eguneroko kontuetan, bizitzan, batzuetan inoiz etorriko ez direnen zain ere gelditzen gara.
Zazpi urte itxaron ditu nik. Pentsatzen nuen, sortea neukala, beste askok hamabost urte, eta baten batek hogeita hamar itxaron behar zituztela, ez da marka txarra. Baina norbaiten zain zauden bitartean, ez da itxoitea egiten duzun bakarra, amestu ere egiten duzu, idealizatu, are gehiago pertsona horrek mila gauza promesten badizkizu... gaztea zara zu, txikia, bizitzan esperientziarik gabekoa... zergatik ez duzu hori guztia sinetsiko! Gainera, babes premia duzunean, edonon aurkitu duzula uste duzu...
Eta momentua heltzen da, bukatu da esperoaldia, azkenean! Eta egia da, bukatu da, baina ez nahi bezala. Agindutako guztia hitz hutsen itsasoan murgiltzen da, gainerako promesa betegabeekin. Hainbeste saiatu ondoren, hainbeste sufritu ondoren, hainbeste maitatu ondoren... ezer ez, kolpeak baino ez... lurrera bultzada bat, eta altxatzeko indarrik ez. Inozo sentitzen zara, eta errudun, etorkizuna amesteagatik, existitzen ez direnetan esperantza jartzeagatik... idealizazioengatik.
Negar malko batzuk, gorrotoz elikatutako ekaitza txikia eta berriro zutunik jarri behar, aurrera jarraitu behar. Bide aunitz dago ibiltzeko, nik nahi dudana, baina kontu handiagoaz, ez dut holako zaplaztekorik jaso nahi berriro...
Konfiantzak poza dakar askotan, beste askotan ordea, mina baino ez...
"Oso gustuko dut amestea, ametsek momentu batean desiratzen duzuna nolabait bizitzeko aukera ematen dizute, ametsek ilusionatzen gaituzte eta ilusio edo desirak praktikan jartzeko indarra eta gogoa eman diezagukete. Nork ez du amets goxo bat izan noizbait eta esnatzerakoan gauza bera amesten jarraitu nahi izan? Ametsak, errealitate birtuala dira, teknologiarik gabeko errealitate birtuala, itxi begiak eta ireki adimena eta irudimena!"


Erantzunak
Inoiz minik behar du, inoiz zalantzarik, inoiz bizirik sentitu, hil ez denak dio Gariren kanta batek. Ni animatu egiten nau, ia balio dizun...
Nork: neretto.2007/09/04 19:46:44.639 GMT+2
http://www.blogak.com/neretto
guztiz identifikatua sentitzen naiz zure hitzekin. Ni beti nago zain, esperoan gertatu daitekeenaz amesten eta gertatzeko aukera dagoenean ihes egiten!!. en fin...ikasiko ote degu noizbait!!
ongi izan
Nork: ane.2007/09/04 21:33:30.178 GMT+2
www.blogak.com/zoti