2008/06/29 04:32:12.219 GMT+2
nere mobilen 4:30ak diala markatzen du ta minutu gutxi batzuk atzeratuta doa...
Ez...
Eta agian arrazoi izango diten,
Ez gintunan alde onenean jaio
Ezta garai hoberenean ere
Ezta testuinguru hoberenean ere.
Arrazoi izango diten
Eta hobe geniken gu ere jaio ez bagina
Edo beste garai batean jaio bagina…
Edo beste nonbait…
Eta Bukowskyrekin, edo hirekin
Edo bakarrik joango ninduken
Taberna zulo batera
Whiskya edo zerbeza,
(Egia esan berdin dit zer),
Edanez, koaderno zahar batean
Edo serbileta erabili batean
Poema bat idaztera...
Edo agian ez niken ezer egingo
Eta goizaldeko ordu txikitan
Ordenagailuan idatziko niken
Auskalo zer...
http://www.youtube.com/watch?v=hrOQO3G3UIg
Nork: urtzi.2008/06/29 04:32:12.219 GMT+2
Etiketak:
arrazoia
bukowsky
zerbeza
whisky
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2008/06/21 19:06:05.046 GMT+2
Eta agian B.A horren entziklopedia ezezagun horretan ni jaio nintzen urtean zer gertatu zen jarriko balu, efemeride gisa edo... ziurrenik anfora urte hartan hautsi zela jarriko du, eta kasualitatez ni jaio nintzen egun berean. Ez dut Anfora zer den jakingo eta hiztegian begiratuko dut. Metafora ez dut ulertuko, baina Borgesekin (edo literaturako klasean emandakoarekin...) gogoratuko naiz, urruneko bi elementu antzekoak badira lehenago gauza bera edo antzekoak zirelako da. Eta orduan ulertuko dut dena...
Urte hartako egun hartan erori zen anfora edo anphora edo dena delakoa lurrera eta mila zatitan apurtu, ni nintzen agian anfora hori, edo, agian niri eroriko zitzaidan lurrera, auskalo (Borgesek ez du zehazten gauza bera edo gertukoak direnik), agian ikusi bakarrik egin nuen... Baina okerrena da, anfora horrekin batera ni ere hautsi nintzela, eta hautsita jarraitzen dudala...
Nork: urtzi.2008/06/21 19:06:05.046 GMT+2
Etiketak:
entziklopedia
a
b
anfora
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2008/06/13 16:36:46.581 GMT+2
Erropa zikinez betetako motxila bizkarrean eta portatila sorbaldatik zintzilik ezinean egingo duzu autobus geltokirako bidea. Eta agian ez zara bakarrik egongo, lagun batekin joango zara geltokira. Zebra bidean muñekitoa berde jarri zain zauden bitartean gizon bat jarriko zaizu ondoan, bera ere maleta batekin egongo da. Goitik behera begiratu eta “que nos vamos de vacaciones” esango dizu. Zuk ezetz esango diozu, ez zoazela oporretara, etxera itzuliko zarela esango diozu. Nongoa zaren esaten diozunean, poztu egin dela ematen du eta euskaraz ba al dakizun galdetuko dizu, zuk, noski, baiezkoa esango diozu. Bere poztasuna areagotu egiten dela irudituko zaizu eta euskarari buruz hitz egingo dizu (beti ere beste hizkuntza batean) berak euskara ikasi nahi duela, baina G hiria ez dela leku aproposa ‘maketo’ gehiegi dagoela esango dizu, hori eta neska euskaldun bat nahi duela.
Esango dizu berak ez duela ikasi euskaraz ez duelako PNV-koa edo EH-koa izan den familiakorik. Esango diozu ez duela horrek zer ikusirik euskara jakitearekin, baina tira... holako jendea ere badago mundu hontan...
Konfiantza hartuz joango da zu(r)ekin eta bere bizitza kontatuko dizu(e), esango dizu(e) ingeniaritza ikasi zuela baina perituak harroputzak eta pertsona txarrak direlako ez zuela karrera gustura egin. Horregatik ez du lana ingeniari bezala egiten, ‘mind mapper’ dela (baieztatuz gainera, mapper bi p-rekin idazten dela), ingeniaritza ikasi eta buruen mapak egiten dituela esango dizu...
Autobus geltokian, autobusaren zain zaudetela bere telefono zenbakia ere emango dizu berarentzako moduko neska euskaldun bat bilatzen baduzu abisatzeko, zuk zurea ere emango diozu, konpromisoz bada ere. Autobusa iristean eta bakoitzak berea hartzean, zure lagunak esango dizu begietara begiratzeagatik hasi dela hizketan, baina zuk ez zenekien begietara begiratze hutsak hainbesteko garrantzia zuenik...
Handik ordu batzuetara sms bat bidaliko dizu: ponme anuncio n l facul: “hombre españolista busca euskal emakume para forjar entendimiento en las vascongadas”
Eta agian hau dena asmatutako istorio bat da, nork daki, agian bakarrik egin zenuen autobus geltokirako bidea, eta agian ez zinen autobus geltokira joan, baizik eta tren geltokira... baina azken aldian, badirudi modan daudela G hiriko eta autobus geltokiko istorioak...
Nork: urtzi.2008/06/13 16:36:46.581 GMT+2
Etiketak:
geltokia
mapper
autobus
mind
euskara
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (1)
2008/05/31 22:19:46.123 GMT+2
Domuit
vascones idazten omen
zuten Bisigodoek euskaldunen aurka izandako borroka bakoitzaren ostean, eta
dirudienez ez ziren gutxi izan... Itzulpena eginda: ‘euskaldunak garaitu ditugu’.
Nonbait irakurri dut hainbestetan esaldi bera idaztea gauza baten adierazle dela: euskaldunen aurka askotan borrokatu arren, ez zutela sekula irabazten eta
erregeen izen ona ez zikintzeagatik (edo garbi mantentzeagatik) idazten omen
zuten gezur ttiki hau, azken finean, nork ez du sinistuko Bisigodoena bezalako
herri batek euskaldunena bezalako herri txiki bat garaitu duela?
Ez ziren Bisigodoak bakarrik izan euskaldunen
herria menderatzen saiatu ziren bakarrak, eta antza denez, haiek ere domuit vascones edo antzeko gezurtxoren
bat asmatu beharko zuten beraien handitasunaren izenean.
Euri eta elur asko egin du esaldi hau lehen aldiz
idatzi zenetik, baina euskaldunen herrian sartzen direnen buruan esaldi berak
jarraitzen du bueltaka. Baina agian orain ez dira hain kultuak, eta orain ez
dute jakingo latinez… orain beste hizkuntza batean esaten dute: hemos vencido a…
Eta badirudi gehiengo baten gutxiengoa dela
gehiengoaren ordezkari…

Argazkia: Amaiurko gaztelua zegoen tokian dagoen
oroitarria.
Nork: urtzi.2008/05/31 22:19:46.123 GMT+2
Etiketak:
domuit
vascones
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/24 23:40:55.246 GMT+2
Demagun B.A.k aipatzen duen hitz ezezagunen hiztegi hori ez dela hiztegi bat. Demagun entziklopedia bat dela. Pertsona ezezagunen bizitza kontatzen den entziklopedia bat.
Demagun entziklopedia L letran zabalduta M. L. siglak betetzen dituen pertsona ezezagun baten bizitza kontatzen dela... bizitza edo heriotza... Eta entziklopediak kontatuko du nola jaio zen 1782an eta nola ama gaztetan galdu zuen. Aitarekin liskarra eduki zuela ere kontatuko du eta honek beste baserri batera bidali zuela morroi lanetara. 1815eko uztailaren 4an atxilo hartu zutela kontatuko du beherago eta Pauen epaitu egin zutela eta galeretara kondenatu.
Baina entziklopediak ez du kontatuko deliturik gabe epaitu zutela, deliturik gabe heriotzara kondenatu zutela. Ez du azalduko entziklopediak bere aitaren eta anaiaren amarruz atxilotu zutela. Ez du kontatuko torturatuta hil zela galeretan, agian zerua itsaso zikin bat dela esanez...
Baina herriak badaki nor zen M. L siglei erantzuten zien pertsona hori, badaki Martin izena zuela eta Larralde abizena. Eta badaki galeretan poema bat idatzi zuela, edo bertso bat edo zerbait. Eta horregatik kantatzen dute. Martinek bazekien kantatuko zutela eta horregatik idatzi zuen.
J.S.-k ere ezagutzen zuen M.L.ren historia eta horregatik idatzi zuen berari buruzko poeman bat. Eta R.O.k ere izan zuen M.L.ren berri J.S.ren bidez. Horregatik musikatu zuen poema.
Baina badirudi musika eta poesia ez direla ezagunak, eta B.A.ren entziklopedian bakarrik agertzen direla...
http://www.bordaxuri-epaiketa.com/Kantua.html
http://www.bordaxuri-epaiketa.com/
http://www.basquepoetry.net/poemak/0107.htm
eguneratua: http://es.youtube.com/watch?v=tkWjxuBBu1U
Nork: urtzi.2008/05/24 23:40:55.246 GMT+2
Etiketak:
entziklopedia
martin
bordaxuri
demagun
larralde
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (1)
2008/04/19 16:17:14.189 GMT+2
Orain dela ez asko irakasle bati entzun nion Euskarak orain arte iraun izanaren arrazoia ez dela halabeharra izan.
Egia esan, hizkuntza batean ez da ezer halabeharrez edo kasualitatez gertatzen. Hizkuntzaren barneko aldaketak lege eta arau jakin bati loturik daude. Hitz bat ez da legerik gabe garatzen, atzizki bat ez zaio edozein hitzi elkartzen... Hizkuntza baten biziraupena ere, ez da halabehar kontua, ezta euskararen kasuan ere, oraindik arrazoi jakinik ez daukagun arren.
Irautea halabehar kontua ez den bezala, ez da halabeharrez gertatzen hizkuntza baten galtzea. Arrazoiak daude eta Euskararen egoeraren kausa azaltzea izango da nire helburua artikulu honetan:
Euskarak duen egoera estuki loturik dago bizi dugun sistema ekonomikoarekin. Kapitalismoaren funtsa gutxiengo batek gehiengoaren kontura irabaziak handitzea da, dirutik dirua lortzea. Gehiengoa (ikasle eta langileria) zapaldurik mantenduta, gutxiengoa den burgesiak irabazi erraldoiak lortzen ditu.
Testuinguru honetan ulertu behar da euskararen egoera. Burgesiak bere garaian paper garrantzitsua jokatu zuen, inbertsioak egin zituen lantegiak etab. sortuz eta horrela ekonomia bultzatuz. Baina sistema kapitalista kontraesanez beterik dagoen sistema bat da, ekoizpen kolektiboaren irabaziak indibiduo baten eskuetan geratzen dira.
Goraldiak eta beheraldiak izaten ditu sistema honek eta gaur egongo egoera azterturik, argi dago, beheraldian gaudela. Orain ez naiz hasiko beheraldi honen arrazoiak etab. azaltzen. Kontua da sistema honek kontrolik gabe produzitzen duela burgesiak ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Kontrolik gabe ekoizte honek gainproduzioaren arazoa dakar, hau da, kontsumituko dena baino gehiago ekoiztea.
Askok galde lezake orain zer zerikusi daukan ekoizpenaren arazoak euskararekin. Lehen begiratuan, agian, ez da lotura handirik ikusiko. Baina ongi aztertuz gero, bien artean lotura badagoela kontura gintezke.
Esan bezala, burgesiaren, hots, klase agintariaren helburu bakarra onurak lortzea da, dirutik dirua irabaztea horretarako edozer egin behar badu ere. Euskal burgesiak, PNV-ek eta EA-k ongi ordezkatzen dutena, ez du inongo benefiziorik lortzen euskara bultzatuz. Hala balitz, euskara hutsezko telebista gehiago leudeke, egunkari gehiago...
Beren poltsikoari bakarrik begiratzen diete eta, jakina, euskarak ez die sakela diruz betetzen. Ikus daitezke, noizean behin, EAEko gobernuak euskara bultzatzeko hainbat ekimen etab. sustatzen dituela... baina hauek guztiak euskaldunak engainatzeko eta gobernuaren itxura garbi edukitzeko taktika merkeak besterik ez dira. Itxuraz defendatzen dutena beste gauza bat da; bestela, zergatik, esaterako, ez dituzte irekitzen Euskaltegiak herri guztietan, prezio eta ordutegi malguekin, herri hauetan erdaldun elebakarrak ere baldin badaude? Honen erantzuna sinplea eta ulertzeko erraza da: Euskaltegiak irekiz euskaldun hiztunen kopurua igoko balitz ere, klase agintariak ez luke onura handirik lortuko. Euskaltegiak aipatu baditut ere, gauza bera esan daiteke gainontzekoekin: euskarazko komunikabideak, kulturaren arloa, zerbitzu publikoak...
Ikus daitekeen bezala, beraz, Euskarak duen etsaia sistema bera da, indarrean dagoen sistema. Horregatik, euskarak bizirautea nahi badugu, beharrezkoa da behin betiko sistema hau suntsitu eta arazo sozial eta nazionala konponduko duen sozialismoa eraikitzea.
honi buruz gehiago: http://www.euskalherriasozialista.net/index.php?option=com_content&task=view&id=69&Itemid=13
http://www.euskalherriasozialista.net/index.php?option=com_content&task=view&id=75&Itemid=13
Nork: urtzi.2008/04/19 16:17:14.189 GMT+2
Etiketak:
euskara
gutxituak
kapitalismoa
hizkuntza
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2008/02/29 17:02:05.934 GMT+1
Asfaltoa eta hormigoizko blokeak besterik ez daude, aspaldi hartan elurra egin zuenean, ikastolara joan beharrik ez eta plastikozko lera gorriekin elurretan jolastu ginen belazean.
Asfaltoak eta hormigoiak estali dute garai batean elurrak estali zuten zelaia…
Eta neguko egun hotz haietan, zerua oskarbi egon arren, elurrak, artean, mendiak eta zelaiak estaltzen zituela, orduak pasatzen genituen aldapan behera plastikozko trineoekin, harik eta iluntzen hasi eta etxera joan behar izaten genuen arte.
Etxera nekaturik eta bustirik iristen ginen, esku eta masailak gorri-gorri… eta berotasunean sartzeko txokolate beroa hartzen genuen tostatutako ogiarekin…
Aurten, ordea, ez dira zuriturik agertu zelaiak ezta mendiak ere, aurten ez du elurrak sekreturik gordetzen.
Aurten ez du txokolate eguraldirik egin …
Nork: urtzi.2008/02/29 17:02:05.934 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2008/01/13 13:53:46.145 GMT+1
...zuhaitzek aspaldi utzi zioten negar egiteari...
udaberria iristean uste dut...
Nork: urtzi.2008/01/13 13:53:46.145 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2007/12/30 21:04:28.488 GMT+1
ezkutatu da eguzkia
mendiaren gibelean,
hedatu da iluntasuna
mundu zabalean.
...eta tristuraz bete dira kaleak, zuhaitzek aspaldi egin zuten negar...
Nork: urtzi.2007/12/30 21:04:28.488 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2007/12/08 12:20:14.441 GMT+1
...gazi zaporea zuen zure masailak
musu eman nizunean...
Sarrin poema:
hiriko etxe handi batetan
andamioa, andamio gainean
kristal garbitzailea.
Leihoaren barrukaldean
andere bat negarrez.
Badirudi kristal garbitzaileak
painua kristalean pasatzean
lehunki lehortzen dituela
anderearen malkoak.
...eta nik postua ostu nahi izan nion garbitzaileari...
Nork: urtzi.2007/12/08 12:20:14.441 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak